Erremontea

Urrizak zazpigarren txapela eskuratu du buruz burukoan

Aiurri 2020ko ira. 27a, 11:22

Javier Urrizak erremonteko buruz buruko txapelketan zazpigarren txapela irabazi zuen atzo arratsaldean Endikari irabazita (30-27). Iruñekoak asko sufritu zuen Endika Urrutiari irabazteko.

Partida ikusgarria izan zen Galarretan jokatu zena. Endikak arriskatu egin zuen, tantorik ikusgarrienak egin zituen eta une batzuetan aurretik izan zen markagailuan; baina Urrizak sufritu, defendatu, izerditu, une txarrak irauli eta final ikusgarria itxi zuen. Final zirraragarria izan zen eta ikusleek gogotik eskertu zuten.

Partida erritmo azkarrean hasi zen eta piloteorik gabe. Memento horretan, piloteozko tanto batzuk jokatu ziren eta bi pilotariak partidan sartu ziren (4-9). Partidari beste erritmo bat eman zitzaion, baina Endikak arriskatzen jarraitu zuen partidan aurrera egiteko. Urrizak ez zuen tanto bateko abantaila baino gehiago lortzen. 11, 12, 13, 14, 15, 16, 18, 19, 20 eta 21eko berdinketak izan ziren, hitz gutxitan, partida biziki borrokatua.

Hurrengo bost tantoak gerriko gorridunak egin zituen (26-21). Endika ez zen bere lehen finalera iritsi opariak egiteko, eta Urrizari gauzak aldapa gora jartzeko prest zegoen. Piloteoan agintea hartu zuen berriro, hiru sake bikain eta Urrizaren huts batek berdinketara itzuli zuen, 27na berdinduta, finaleko hamaikagarrena. Final berri bat hasi zen, oraingoan hiru tantora. Hiru tantoak jarraian egin zituen Urrizak, burua hotz edukita jokatu zuen eta ez zion saldiaskoari aukerarik eman.

Markagailua partida osoan zehar:  0-5, 2-5, 2-6, 3-6, 3-7, 4-7, 4-9, 6-9, 6-11, 11-11, 11-12, 12-12, 13-12, 13-13, 14-13, 14-14, 14-15, 15-15, 16-15, 16-16, 16-18, 19-18, 19-19, 20-19, 20-20, 21-20, 21-21, 26-21, 26-23, 27-23, 27-27  eta 30-27

Bi pilotarien adierazpenak

Javier Urriza: "Sufritzen, borrokatzen eta hasiera txarra gainditzen asmatu dut"
Urrizak partidaren amaieran aitortu zuen ez zuela bere egunik onena izan. "Asko sufritu dut, deseroso egon naiz, beldurtuta egongo banintz bezala, ez nuen asmatzen, baina borrokatuz 30era iritsi naiz. Ezin nuen tentsioa kendu, baina borrokatu beharra dago, eta orain hemen nago zazpigarren txapela eskuratuta. Pozik nago beste txapel bat lortzeagatik". Endikak eginiko lana ere nabarmendu zuen: "Korri asko egitea behartu nau, gaitasun harrigarriak ditu". "Orain txapela dastatu nahi dut, etorkizunari begira ikusiko dugu".

Endika Urrutia: "Ikusi dut txapelduna izateko gai naizela"
Nahiz eta galdu Endikak gustura sentitu zen eginiko partiduarekin. "Oso pozik nago eginiko partiduarekin, inoiz baino lan gehiago eman diot eta nire buruarekin oso konforme geratu naiz. Amaieran pare bat tantutan nekatuta nengoenez gainditu egin nau". Jokaladirik ikusgarrienak berak egin zituen eta jendearen txaloak eskertu zituen. "Ikusleei eskerrik beroenak. Oso polita izan da, gozatu egin dut. Hurrengo pausoa finala irabaztea izango da eta horretarako gai naizela ikusi dut".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!