“Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak” dinamika martxan jarri dute eskualdeko kulturgileek

Aiurri 2020ko urr. 5a, 12:32

Buruntzaldeako gazte sortzaileak babesteko eta sustatzeko sortu den taldea da honakoa; izan ere, pandemia eta konfinamendu garaian kulturak eta sortzaileek kalte handiak jasan dituzte. Horrez gain, Buruntzaldeako Gazte Sortzaileen Plaza plataforman izena emateko deialdia zabaldu dute, etorkizunean egingo diren ekimenen berri izan eta edukia jasotzeko.

Hona hemen taldeak helarazitako oharra:

Bizi dugun sistemak, kultura kontsumo eta aisialdi produktu soil bilakatu nahi duen garai hauetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da kulturgileok, sortzaileok, artistok, kulturako langileok... elkar saretu eta, gure eskubideak aldarrikatzearekin batera, gure izaera, nortasuna, indartuko dituen elkarguneak sortzea.

Helburu hauek hizpide, Buruntzaldean, kultura eraikitzea maite dugun zenbait gazte elkartu eta, “Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak” dinamika abiatu dugu. COVID-19aren ondorioz bizitako berrogeialdiak eta jarraian etorritako “Normaltasun Berrian” bizitzen ari garen egoera ziurgabeak mugiarazi gaitu. Derrigortutako itxialdiaren aurretik ere, bakarturik prekarioki biziraun dugu Buruntzaldeko gazte sortzaileok. Nekaturik, kolektiboki zapaltzen gaituzten gaitz estrukturalei modu indibidualean aurre egin ezinean.

Ordutik, isolamenduak argi utzi zuen artea eta kultura lehentasunezko alderdiak direla gure bizitzetan, sorkuntza, argi izpi bilakatu zen bakardadez jositako zingira ilunean. Eta, gure agintariak, hortaz ohartu eta, itotzear den euskal kultur munduarekiko aitortza egin eta irtenbideak proposatu beharrean, berriz ere baztertuta utzi gaituzte. Ez da kasualitatea. Artea, sormena da, mugimendua da. Dinamismoa. Norbanakoak eta ondorioz, gizarteak astintzeko eta eraldatzeko gaitasuna duen motore iraultzailea.

Beraz, arestian aipatu bezela, sortzaileentzako une latz hauetan, inoiz baina garrantzitsuagoa ikusten dugu artegileen arteko sareak eraiki eta elkar babestearekin batera, dinamika amankumak eratzea. Bide horretan, “Buruntzaldeko Gazte Sortzaileak” proiektua hiru helburu nagusiren baitan hasi da forma hartzen:

  1. Buruntzaldeko gazte sortzaileok elkar ezagutu eta saretzeko. Horretarako Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plaza sortu dugu. Eskualdeko sortzaileen topagune eta elkar harremantze tresna izateko helburuarekin diseinatu dugun plataforma digitala. Bertan, Buruntzaldeko sortzaile ezberdinen perfilak, kultur ekimenen agenda, Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen dinamiken argibideak, proiektu berrien eta artista berrien beharren anuntzio taulak… eta bestelakoak bildu nahi ditugu. Horretarako, plataformako atarian topa dezakezun galdetegia betetzearekin nahikoa da.
  2. Euskal kulturgileok kolektiboki kolpatzen gaituen problematikari modu bateratuan aurre egitea. Gure kultura pairatzen ari den bazterkeria salatu eta honi arnasguneak eskaintzeko ekimenak eta aldarrikapenak gauzatzea dagokigu.
  3. Inguratzen gaituen munduarekiko kritikoa eta komprometitua den kulturgilearen figura aldarrikatzea. Horretarako, gure eskualdeko herriak zipriztinduko dituen artegintza dinamika eta gogoeta proeiktuen gauzatzea dugu xede. Beraz, helburu hauen bidean, dei egiten diegu eskualdeko gazte sortzaile sentitzen den edonori, plataforman izena eman dezaten. Eman izena Buruntzaldeko Gazte Sortzaileen Plazan (buruntzasortzaileak@gmail.com).

Azkenik, hil honetan zehar dinamikaren aurkezpen presentzialak egiteko asmoa dugu. Jarraian datozen data eta herrietan, kokapen zehatzak datozen egunetan argituko ditugu:

  • HERNANI-URRIAK 15, 18:00etan.
  • LASARTE-URRIAK 16, 18:00etan
  • USURBIL-URRIAK 22, 18:00etan
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!