Erronka berriez hausnartuko dute beterriko enpresa eta eragileek urriaren 8an

Aiurri 2020ko urr. 5a, 18:24

Parte-hartzean oinarrituriko enpresentzako ekosistema sortzeko III. Jardunaldia egingo dute Hernanin, Beterri Saretuz programaren barruan. Covid-19ak eragindako egoerari eskualdeko enpresek nola egin dioten aurre aztertu eta zein erronka dauden hausnartuko dute, ikuspuntu parte-hartzaile eta eraldatzaile batetik.

Krisi garaietan enpresetan parte-hartzea sustatzeak duen garrantziaz hitz egiteko bilduko dira, datorren ostegunean urriak 8, Beterri eskualdeko hainbat enpresa eta eragile, Beterri Saretuz programaren baitan egingo den III. Jardunaldian. Hainbat hilabete dira ekonomia sozialean murgilduta dauden enpresak, baita beste erakunde eta eragileak ere, azkeneko aldiz elkartu zirenetik. Osteguneko Jardunaldian, aurretik egindako lanaren emaitzak aurkezteaz gain, hilabeteotan Covid-19ak eragindako krisiari nola aurre egin ere aztertuko dute denen artean.

Beterri eskualdean parte-hartzean oinarrituriko enpresen ekosistema bat sortzeko helburuz abiatu zuten Beterri Saretuz programa, eskualde horretako enpresa eta eragile ugarik, Gipuzkoako Aldundiaren eta Beterri-Buruntza Udalen laguntzarekin. Lehen pausoa 2019ko azaroaren 7an eman zuten, Orona-Ideon hainbat esperientzia ezagutaraziz. Otsailaren 13an, berriz, parte-hartzea bultzatzeko gakoak identifikatu zituzten tailerren bidez.

Eduki hori guztia landu eta antolatu ondoren, urriaren 8an gida hori aurkeztuko dute proiektuaren bultzatzaileek, Hernaniko Biteri Kultur Etxean egingo den jardunaldian, 9:30etatik 12:30etara. Hainbat balio eraldatzaile eta ideietan oinarritutako materiala sortu dute, enpresetan parte-hartzea sustatzeko lagungarri izan daitekeelakoan eta orain arte egindako lanaren aitortza gisara.

Jardunaldia urriaren 8an egingo da Biteri Kultur Etxean (Hernani), 09:30etatik 12:30etara izango da. Enpresek eta eragileek izena eman dezakete formularioa betez, urriaren 5a arte (https://labur.eus/U55hd)

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!