Zabalik da Mintzalaguna ekimenerako izen-ematea

Aiurri 2020ko urr. 8a, 09:52

Ibarran egin zuten aurtengo Mintzalaguna kanpainaren aurkezpena

Mintzalaguna ekimena martxan izango da berriz urrian. Astean ordubetez lagun-giroan elkartu eta euskaraz mintzapraktikak egiteko aukera eskaintzen du ekimenak. Amasa-Villabonan eta Zizurkilen dagoeneko badira taldeak, eta izena emateko aukera zabalik dago.

Atzo egin zuten ikasturte berriko Mintzalaguna ekimenaren aurkezpen ekitaldia. Bertan elkartu ziren, besteak beste, Galtzaundi euskara taldeko kideak, eta Tolosaldeako hainbat udaletako ordezkariak. Urrian, ikasturtea hastearekin batera, Mintzalagun talde berriak sortuko dira, aurretik martxan zeuden askok eta askok jarraituko dute, eta astero euskara praktikatzeko elkartzen garenon sareak ehuntzen jarraituko du.

Etxealdian, Mintzalagunon sareari esker, komunitateko kideek internet bidez harremanetan jarraitu dute. Orain, uda ondoren, bidelariak eta bidelagunak astero biltzen hasiko dira. Izan ere, asteroko hitzorduei ekingo zaieberriro, elkarrekin esperientzia aberasgarriak bizitzeko gogoz. Berriz mintzapraktika egiteko bilduko dira mintzalagunak, elkar zainduz eta erantzukizunez.Komunitatea sendotzeko lehenengo izen emate deialdia urrian abiatuko da.

Herritar guztiak gonbidatu nahi dira parte hartzera; bai euskara praktikatu nahi dutenak eta baita ere, euskara praktikatu nahi duten horiei laguntzeko prest daudenak.

Mintzalaguna euskaraz hitz egin ohi duten pertsonak euskaraz egin nahi duten pertsonekin euskaraz aritzeko elkartzen dituen programa da. Funtzionamenduari dagokionez, parte hartzaileen artean talde txikiak egiten dira eta astean behin ordubetez beraien aisialdi garaian elkartuko dira paseoan, kafetegian, parkean... euskaraz aritzeko, euskaraz bizitzeko. Bi modutara parte har daiteke, euskara praktikatuz (bidelaria) eta euskara praktikatzen lagunduz (bidelaguna). Mintzalagun bihurtzeko baldintza bakarrak, euskaraz komunikatzeko gai izatea eta astean ordubetez elkartzeko prest egotea dira.

Mintzalagunak bospasei laguneko taldetan elkarturik, adiskide giroan arituko dira hizketan eta pixkanaka somatuko dute mintzapraktikaren efektua: kalean ere imajinatzen ez luketen hamaika pertsonekin hasiko dira euskaraz hitz egiten. Horrela, euskaraz aritzeko ohitura, trebetasuna eta erraztasuna lortu nahi dutenak eta euskaraz normaltasunez aritzen diren laguntzaileekin mintzapraktika taldeak antolatzen ditugu.Tolosaldean, egun, hainbat herrietan daude Mintzalagun taldeak: Alkiza, Altzo, Anoeta, Ibarra, Ikaztegieta, Lizartza, Irura,Tolosa, Villabona eta Zizurkilen.

 Euskal Herrian zehar, 7000 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten aurreko urtean. Eta gero eta gehiago dira, baita Tolosaldean ere Mintzalagunean parte hartzen dutenak. Zehazki, pasa den ikasturtean ehundik gora lagunek hartu zuten parte.

Izen-ematea doakoa da eta ikasturte osoan dago irekita. Beraz, mintzalagunean parte hartu nahi dutenek herriko udaletxera edota Galtzaundi euskara taldearen egoitzara jo behar dute izena ematera. Bestetik, online ere egin daiteke, www.galtzaundi.eus edota mintzalaguna.topagunea.eus webguneetan.

 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!