Pello Mari Otañoren inguruko filma egitekoa dute

Aiurri 2020ko urr. 9a, 10:16

Patxi Bisquert aktorea da proiektuaren sustatzaile nagusia, eta bi urte barru zine aretoetan estreinatzeko moduan izatea espero du. 'Ombuaren itzala' izango da filmaren izenburua eta herritarren auzolana edo laguntza eskatu du, ekimena aurrera atera ahal izateko.

Atzo egin zuten proiektuaren aurkezpen ekitaldia, Zizurkilgo Plaza Etxeberrin. Pello Mari Otaño ekarri zuten gogora bertaratutakoek, hitzez nahiz bertsoz. Ekitaldian izan ziren, besteak beste, Patxi Bisquert bera; Joxin Azkue, Teodoro Hernandorena kultur elkarteko kidea; Maite Amenabar, Zizurkilgo alkate-ordea; Joseba Tapia musikaria eta Xabier Amuriza bertsolaria. Otañok idatzitako hiru bertso abestu ditu Amurizak, aurkezpena borobiltzeko.

Otaño, argitara

Pello Mari Otañoren figura bilduko du “Ombuaren itzala” filmak. 1857an jaio zen, Zizurkilgo Errekalde baserrian. Bere bizitzako azken bi hamarkada izango ditu oinarri filmak. Patxi Bisquert-en hitzetan, “ziur aski, horiek izan ziren Otañoren urterik emankorrenak; 1890tik 1910a bitartekoak. Urte garrantzitsuak bizi ziren gure gizartean. Foruen desagertzeak, kalte izugarriak eragin zituen Euskal Herrian. Gure ekonomia hankaz gora zegoen, gazteak erbesterako bidean edo Amerikak egitera behartuta. Euskal Herriko egoera politikoa aztoratua zegoen. Urte zoragarriak dira filmatzeko. Giro hori guztia erretratatzeko. Gainera, gure zinegileen aldetik oso gutxi tratatua”.

Auzolanaren beharra

Erronka horri eutsi nahi dio Patxi Bisquertek, bere proiektu pertsonalean. Horretarako baina, auzolanaren beharra azpimarratu du. “Eguzki Art ekoiztetxea sortu nuen orain urte batzuk. Filma bat ekoiztea ez da gauza zaila, nahikoa dirua izanez gero. Arazo nagusia hor dago, Eguzki Art zinemak ez daukala sosik. Baina ausartak garenez, eta herrigintzan konfiantza osoa dugunez, herritarren eskuetatik jasoko dugu babesa eta laguntza nahikoa filma aurrera ateratzeko. Itxaropen horrekin gatoz gaur Zizurkilera, Otañoren herrira”.  Hamar euroko ekarpena egiteko aukera izango da ekimena bultzatu ahal izateko. Hamar euro horien truke, filma ikusteko sarrera bat eskuratuko dute herritarrek. Aurrerago zehaztuko dute laguntza hori nola eskaini ahal izango den.

Maite Amenabar Zizurkilgo alkate-ordeak ere hartu du hitza aurkezpen ekitaldian: “Eguzki Art Zinema ekoiztetxea Ombuaren itzala filma gauzatzeko ahaleginetan dabil, eta, kultura aurrekontuak gutxitu diren garai hauetan, partaide-laguntzaileak bilatu nahi dira eta eskaera bat luzatu nahi diete herritarrei: 10 euroko ekarpena egin dezatela. Bide horri jarraituz, 30.000 euro biltzea izango da helburua”.

Pello Mari Otaño

Bertsolaria izan zelako da ezaguna Pello Mari Otaño zizurkildarra, baina hori baino askoz gehiago ere izan zela azpimarratu du Joxin Azkuek. Haren inguruko ikerlan zabala egina du Teodoro Hernandorena kultur taldeak. Gaiarekiko jakinmina ase nahi duenak, informazio osoa aurki dezake hernandorena.eus gunean. Pello Mari Otaño ezagutaraztea, haren bertsoak berriz ere herritarren ahotara ekartzea, nor zen eta bere testuingurua zein zen zabaltzea dira filmaren helburu nagusiak. Ondo bidean, 2022an izango da ikusgai Ombuaren itzala filma.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!