Agifesek pandemiaren eta gizarte isolamenduaren ondorioz sor daitezkeen buru osasuneko arazoez ohartarazi du

Aiurri 2020ko urr. 10a, 10:32

Osasun alarmak eta ziurgabetasun ekonomikoak eragin nabarmena dute pertsonengan. Faktore horiek, elkartearen esanetan, antsietate eta depresio sintomak eragin ditzakete. Gaurkoa Buru osasunaren nazioarteko eguna da.

AGIFES buru osasun arazoa duten pertsonen eta senideen Gipuzkoako elkartea da, eta berriki oharra argitara eman du. Urriaren 10a Buru osasunaren nazioarteko eguna da, eta elkarteak bat egin du FEDEAFESek abian jarritako kanpainarekin: ‘Ondoan gaituzu. Urruntze sozialak ez zaitzala isolatu'. Egitasmoaren xedea, egoera psikiko txarra pairatzen ari diren pertsonen isolamendua haustea da. Izan ere, egungo egoeraren zifrarik ez dugun arren, azken urteetako datuak nahiko kezkagarriak dira.

Osakidetzaren arabera, bi egunetik behin pertsona batek bere buruaz beste egiten du Euskadin, eta gizonen % 9k eta emakumeen % 17k antsietate edota depresio sintomak dituzte.

Gainera, OMEk jakinarazi du lau pertsonatik batek buru osasuneko arazoa izango duela bizitzan zehar, eta aurreikuspenen arabera, 2030 urterako mota horretako patologiak izango dira ezgaitasun arrazoi nagusietarikoa munduan.

Hurbilduz programaren bidez, isolatuta edo ia gizarte-sarerik gabe dauden pertsonei –depresioa edo buru osasuneko beste arazo batzuk dituztenei– laguntza ematen ari da Agifes. Programa hau 2019. urtearen amaieran jarri zen martxan, eta zerbitzu horiek behar dituzten pertsonak identifikatzea du helburu. Horretarako, hainbat gizarte-eragileren laguntza du Agifesek, hala nola lehen mailako arretako medikuena, larrialdietako teknikariena eta erizainena, baita babesa behar duen pertsonaren inguruko pertsonena ere.

 

Laguntza behar duen edonor jar daiteke zuzenean Agifesekin harremanetan, 943 47 43 37 telefonora deituz.

 

‘Buru osasuna eta ongizatea, lehentasun globala’

Agifesek bat egin du, halaber, Estatuko buru osasuneko konfederazioak antolatutako kanpainarekin, ‘Buru osasuna eta ongizatea, lehentasun globala’ goiburupean. COVID-19aren krisiarekin eta hartu behar izan diren konfinamendu-neurriekin, gainera, biztanleriaren zati baten buru osasunak okerrera egin du. Elkarteek eskura dituzten baliabideak jarri dituzte biztanleriaren zerbitzura eta lanean jarraitzen dute pandemiak buru osasunean dituen ondorioak gutxitzeko. Dolu-egoerak, suizidio-saiakerak, kalera irteteko beldurra, antsietatea, depresioa, zaurgarritasun-sentsazioa, bakarrik bizi direnen bakardadea, osasun-profesionalek bizi izan duten egoera berezia, etab.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!