Arrisku-taldeek izango dute gripearen txertoa hartzeko lehentasuna

Aiurri 2020ko urr. 13a, 07:09

Gotzone Sagardui Osasun Sailburua.

Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak gripearen aurkako txertaketa-kanpaina aurkeztu du. "Aurten, inoiz baino gehiago, gripetik aldendu!” izenburupean, asteartean hasiko da. Eskualdean Asteasun, Amasa-Villabonan, Andoainen eta Urnietan ipiniko dituzte txertoa jartzeko guneak.

COVID19-aren ondorioz, segurtasun-neurri zorrotzagoak hartu dira eta aurten Osakidetzak berak emango dizkie hitzorduak arrisku handiko herritarrei. Txertoa, nagusiki, 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie, haiek jotzen baitira arrisku-taldetzat. Kanpainaren helburua da arrisku-talde horietako pertsona bakoitzaren osasuna babestea, bai eta osasun kolektiboa ere.

Txertoa, nagusiki, 65 urtetik gorakoei, gaixotasun kronikoren bat dutenei eta haurdun dauden emakumeei zuzentzen zaie, haiek jotzen baitira arrisku-taldetzat

Hiru epetan egingo da txertaketa-kanpaina

  • Lehen fasean, egoitzetako pertsonei eta pertsonal sanitarioari eman zaie txertoa, talde hauen kutsatzea ahalik eta gehien saihesteko.
  • Bigarren fasean, Osakidetzak emandako hitzorduen bidez, arrisku-taldeetako pertsonen txertaketa bermatuko da: 65 urtetik gorakoak, gaixotasun kronikoren bat dutenak eta haurdun dauden emakumeak.
  • Hirugarren fasea, urriaren 31tik aurrera, txertoa hartu duten gainerako herritarrek hitzordua eskatu ahalko dute dagokien osasun-zentroan eta txertoa jasoko dute.

Txertoa jartzeko guneak eskualdean:

Arrisku-taldekoak direnek Osakidetzaren deia jaso arte itxaron behar dute.

 

Arrisku-taldekoak ez direnen kasuan, urriaren 31tik aurrera deitu behar dute:

  • Andoaingo Osasun Etxea: 943 00 66 70. Txertoa Arrate pilotalekuan jarriko dute. Ordutegia: 09:00-13:00.
  • Amasa-Villabonako Osasun Etxea: 943 00 69 70. Txertoa Gurea zineman jarriko dute. Ordutegia: 10:15-16:30.
  • Asteasuko Osasun Etxea: 943 69 24 23. Txertoa osasun zentroan jarriko dute. Ordutegia: 13:00-14:45 (printzipioz, urriaren 23 arte).
  • Urnietako Osasun Etxea: 943 00 66 80.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!