Asuncion Klinikaren oharra

Aiurri 2020ko urr. 10a, 23:45

"Asuncion Klinikak jarduera murriztuko du zubi honetan zehar, COVID bidezko azterketa epidemiologikoa amaitzen den bitartean".

Aste honen hasieran langileen artean izandako positiboen ondoren, Asuncion Klinikako Zuzendaritzak, prebentzio-neurri gisa, zentroaren jarduera murriztea erabaki du zubian zehar, plantillako egoera epidemiologikoaren argazki osoa eta zehatza izan arte. Profesional eta paziente guztiei probak egin zaizkie, eta orain arte egindako testen arabera, 22 kasu positibo atzeman dira langileen artean (zentroak 350 pertsonako plantilla du) eta bi kasu ospitaleratutako pazienteen artean.

Hala, zubi honetan zehar, larrialdiek eta ospitaleratze-solairuek ohiko moduan funtzionatuko dute. Prebentzio neurri gisa, ospitaleratzea behar duten pazienteak Bidasoako eskualdeko ospitalera eramango dituzte. Gainera, ospitaleratuta dauden gaixoak birkokatu egin dituzte, gela bakoitzean gaixo bakarra egon dadin. Era berean, kanpoko bisitak debekatzeko neurriari eutsiko zaio.

Era berean, egoeraren kontrola ahalik eta handiena izan dadin, zazpi egunetik behin egingo zaie test sistematikoa Asunción Klinikako profesional eta paziente guztiei, datozen lau asteetan zehar.

Neurri guztiak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin adostu dira, eta lankidetza estuan ari dira lehen kutsatzeak detektatu zirenetik.

Asuncion klinikak datorren astean jarduera normalari berriz ekitea espero du, eta neurriak "prebentziozkoak" direla adierazi du, pazienteen eta langileen segurtasuna bermatzeko helburu bakarrarekin.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!