2022ko udaberrira atzeratu dute XXII. Korrika

Aiurri 2020ko urr. 16a, 11:37
Donostiako San Telmo museoan eman dute Korrikako atzerapenaren berri. Argazkia: Korrika.eus

Korrikaren atzeratzearen albistea emateaz gain, Euskaraldiaren bigarren edizioan parte-hartzeko deia luzatu nahi izan dute.

2021eko azaroan aurkeztuko dute 2022ko udaberrian ospatuko den XXII. Korrika. Antolatzaileek adierazi dute erabakia hartzea "gogorra" izan dela, eta "zuhurtziagatik" eta "erantzukizunagatik" egin dutela, azpimarra eginez euskaltzaleengan sortuko duen atsekabean. Gainera, Korrika atzeratzeak ekarriko duen kolpe ekonomikoaz ere mintzatu dira: "Korrika-k helburu ekonomiko zehatza dauka (AEKren euskaltegietako lana indartzea) eta atzeratzeak kalte egingo dio lan horri, zalantzarik ez".

Korrika bere horretan ezin bada ospatu, nahiago izan dute atzeratu, ordezko beste Korrika bat egin baino: "Korrika-ren atzerapenak hutsunea sortuko du, baina Korrika bera horren garrantzitsua izanik, beharrezkoagoa da Korrika denok desiratzen ditugun baldintza hobeetan egitea. Une honetan, ez dugu Korrika-ren ordezko eskas bat nahi. Izan ere, euskarak bezala, Korrika-k kalea behar du, bizia, mugimendua. Eta hori errepidera ateratzen direnek ematen digute, kalera ateratzen direnek". Normalitate berria nondik nora doan ikusteko denbora gehiago hartu nahi dutela gehitu dute, " eta egoera hobetzen bada, denok desiratzen dugun Korrika-ra iritsiko gara, 2022. urteko udaberrian".

Euskaraldian parte-hartzeko deia
Egoera baliatu nahi izan dute Euskaraldian parte hartzera animatuz Belarriprest edo Ahobizi moduan. "Korrika-ren sorreratik, edizio guztietan egiten dugun bezala, azpimarratu nahi dugu ezinbestekoa dela helduen euskalduntzea bizkortzea eta inbertsioak areagotzea, Euskal Herri osoak behar-beharrezkoa du-eta. Administrazioari dagokionez, euskaltegiei bideratutako baliabideak oraindik ez dira nahikoak, urratsak egin badira ere norabide egokian", azaldu dute.

Agerraldia Donostiako San Telmo museoan egin dute Korrikako antolatzaileek 11:30ean. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!