Astearen hasiera izanik –pandemian zehar hartutako erabakiari jarraiki–, ostiralari, larunbatari eta igandeari buruzko datuak emango dituzte.
Andoainen 41 kasu positibo antzeman ziren aurreko 8 egunetan:
- Urriak 8: 1.
- Urriak 9: 0.
- Urriak 10: 8.
- Urriak 11: 3.
- Urriak 12: 1.
- Urriak 13: 11.
- Urriak 14: 11.
- Urriak 15: 6.
Datu horiek eskuan, Andoaingo Udalak “lasaitasunerako mezua” ematea lehenetsi zuen.
Urnietan 12 kasu positibo azken 4 egunetan:
- Urriak 12: 1.
- Urriak 13: 1.
- Urriak 14: 4.
- Urriak 15: 8.
Urnietako Udalak, berriz, goiburu ezberdina eman zion albiste berdinari. “Kezka” agertu zuen.
Lasaitasuna edo kezka adieraztearekin batera, eta prebentzioari eusteko neurriak gogoraraztearekin batera, Udal administrazioek aurrerantzean parte hartze aktiboa izan beharko dute. Sentsibilizazioan eta kontzientziazioan eragiteko gertukoen dagoen administrazioa baita.
Kutsatuen kopuru handiena gizarte bizitzari lotutako jardueretan ematen ari da. Adituek diotenez, bereziki aisialdiari lotutako jardueretan eta 40 urte azpiko adin segmentuan. Kezkagarria bada adin tarte horretan kutsatzea, kezkagarriagoa da pertsona horiek zaharragoa den populazioa kutsatzeko izan dezaketen arriskua. Transmisioari beldur handia dago, kutsa daitezkeen adineko askok ospitalean buka dezaketelako.
Udalek sentsibilizazio kanpainan murgildu beharko dute burubelarri. Eta gizarte osoarengan eragiteko modukoa izan behar du. Ezin baita segmentu bakarrera mugatu. Birusaren transmisioa eguneroko jarduera txikietan gertatzen delako.
Aste honetan Andoainen bertan neure begiekin ikusitakoa, adibide modura. 16:00ak pasatxo zirela, kafea hartzera sartu nintzen tabernan 60 urte inguruko lau gizon musean ari ziren. Bosgarren lagun bat, ondoan eserita. Bostak musukorik gabe ari ziren musean. Ez pentsa musukoa lepo aldean zutenik. Ez. Musukorik gabe ari ziren musean. Toki itxian eta denbora tarte luzean horrela aritzea arduragabekeria da.
Gizarte bizitzari eutsi nahi diogu, “betiko” ohiturekin jarraitu. Pandemia betean gaude, ordea, eta gure eguneroko joerak aldatzera behartuta gaude.