'60 urte bidelagunak biltzen' du izena Atzegiren kanpaina berriak

Aiurri 2020ko urr. 19a, 13:55

60 asteetan zehar, astero protagonista bat aurkeztuko du Atzegik bere webgunean. Modu horretan, omenaldia egin nahi diete 60 urtetan zehar elkartearen bidelagun izan diren pertsonei.

Eguerdian aurkeztu du kanpaina Atzegik '60 urte bidelagunak biltzen' izenburupean, Hernaniko Biteri kultur etxean. 60 urte beteko ditu Atzegik aurten, bidelagunen irudia nabarmendu nahi du; adimen desgaitasuna duten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko, elkartearekin bat eginez, borrokatzen duten pertsonak, hain zuzen ere. Atzegi elkartetik adierazi dutenez, "pertsona horiekin lortu dugu gizartea aldatzea, begirada aldatzea, aukerak areagotzea eta azken batean, eskubide asko onartzea". Bestalde, aurretik erronka asko geratzen direla gogoratu dute, Gipuzkoako gizartearen babesak ezinbestekoa izaten jarraitzen duelarik.

60 urte, 60 aste, 60 protagonista
60. urteurrenari keinu eginez Atzegiren webgunean astero, 60 astez, protagonista bat aurkeztuko dute, hala nola adimen desgaitasuna duten pertsonak, senideak, boluntarioak edo bestelako bidelagunak eta beren esperientzia pertsonala azalduko dute.

Kanpainari amaiera 2021eko abenduaren 20an emango zaio eta horretarako Kursaalean ekitaldi bat egitea aurreikusten dute. Ekitaldi horrek urteurrenari amaiera eman eta etorkizunari bide ematea izango du helburu.

Bestalde, urriaren 20an, 18:30etan, kanpainaren ekitaldi nagusia egingo da Donostiako Antzoki Zaharrean. Ekitaldiak aurreko urteetan baino edukiera txikiagoa izango du. Bertan, kanpainaren berri emango da argazki, musika eta bideoen bitartez. Atzegik elkarte-izpiritua mantentzearren hitzorduari eutsi nahi izan dio, baina betiere bizitzea egokitzen ari zaigun egoera berezira moldatuz. Ekitaldira joateko Atzegiko bulegoetan (943 42 39 42) edo atzegizale@atzegi.eus helbidean eskatu ahal izango dira gonbidapenak.

BURUNTZALDEKO DATUAK

158 familia
101 pertsona kolaboratzaile
540 atzegizale

ATZEGI DATU OROKORRAK

2.054 familia (2.140 adimen desgaitasuna duten pertsonak)

2.534 pertsona kolaboratzaile
10.486 atzegizale

Elkartearen oinarria guztira: 15.074 pertsona

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!