[AZKEN ORDUAN BERTAN BEHERA GERATU DA]

Buruntzaldeko Ibilbideen Eguna, igande honetan

Xabier Lasa 2020ko urr. 19a, 18:16

Alex Astigarraga, Txus Alonso, Oscar Mendo eta Garikoitz Garagartza

Buruntzaldeko 13. Ibilbideen Eguna urriaren 25ean, igandearekin, ospatuko da. “Lehiatzeko ez den eta edozein publiko motarentzat egokia den jarduera fisikoa egiteko eta Buruntzaldea eskualdeko eta bere landa-ingurune naturala ezagutzeko aukera” emango du egunak.

Andoain, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil eta Urnietako udaletako ordezkariek Lasarte-Oriako udaletxean joan den ostiralean eskaini zituzten Ibilbidearen xehetasunak. Bertan izan ziren, hain zuzen: Txus Alonso (Lasarte-Oriako Udaleko zinegotzia), Oscar Mendo (Andoaingo Udaleko zinegotzia), Alex Astigarraga (Urnietako kirol teknikaria) eta Garikoitz Garagartza (Usurbilgo kirol teknikaria).

Adierazi zutenez, bost ibilbidetan zehar “hainbat bidezidor eta bideak ditugu, landako paisaiatik barrena paseoez gozatzeko, belardiak eta basoak zeharkatuz eta baserri, baseliza, karobi, eta, natura nahiz kultura aldetik, interesgarriak diren beste leku batzuetara hurbilduz”.   

 

Bost ibilbide

Bost ibilbide aukeran jarriko dituzte, esan bezala:

- Andoain-Lasarte-Oria: Buruntza mendia zeharkatuz edo gailurra eginda. 7,9 kilometroko luzera du; oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da. 

- Andoain-Urnieta: 4,8 kilometroko luzera du, oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

- Andoain-Usurbil: Andatzatik barrena. 14,9 kilometroko luzera du, oinez soilik egin daiteke eta mendiko oinetakoa beharrezkoa da. 

- Lasarte-Oria-Urnieta: 3,9 kilometroko luzera du, oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa beharrezkoa da.

- Lasarte-Oria-Usurbil-Aginaga: 9 kilometroko luzera du. Santuenetik barrena Aginagako Mapil ingururaino, oinez edo bizikletaz egin daiteke eta kirola egiteko oinetakoa egiteko oinetakoa beharrezkoa da. 

Aurkezpenenean, Alonso Lasarte-Oriako zinegotziak eta Garikoitz Garagartza Usurbilgo kirol teknikariak gogorarazi zutenez, “herrietan ibilbide-zati bakoitzaren inguruko trazatuak, profilak eta distantziak erakusten dituzten panelak daude. Bideetan, berriz, norabideak eta distantziak markatzen dituzten geziak eta zutoinak. Seinale horiek guztiak udalerri bakoitzaren identifikazio-koloreak aintzat hartuz ipinita daude (Lasarte-Oria: urre-zaharra; Urnieta: berdea; Usurbil: laranja; eta Andoain: urdina)”.

Pandemia dela medio, online edizioa planteatu dute antolatzaileek. Horren berri jakiteko jo daiteke https://kirolak.buruntzaldea.eus orrira, eta bertan aktibatu den formularioa bete.

Ibilbideetako bat osatzen duten mendizale guztiek saria jaso dezakete hurrengo egunetan bere herriko kiroldegian.

Bestalde, jende pilaketa ekiditeko asmoz, aurten ez da kontrol eta anoa punturik jarriko, ez eta autobus zerbitzurik.

Antolaketa lanetan lau udaletako kirol zerbitzuez gain, Andatza eta Euskalduna Mendi Elkarteak eta Ostadar S.K.T. mendizaleen eta ipar-martxa sailak arituko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!