Astearte arratsaldean Gipuzkoako alkate guztiak bilera batera deitu zituen Markel Olano Ahaldun Nagusiak. Bilkura horren goiburuak iragarpen bat iradokitzen du: "Harreman sozialak ahalik eta gehien mugatzeko deia egin du Aldundiak". Goiz horretan bertan Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak norabide beretsua marraztu zuen: "Kasu batzuetan autonomi erkidego osorako hartutako neurriak izango dira, beste kasu batzuetan herri mailakoak izan daitezke eta behar izanez gero lurralde historiko mailakoak". Alegia, aukera guztiak zabalik daudela. Jaurlaritzak laster jakingo du LABI (Larrialdiei Aurregiteko Bidea) delakoan proposatutako neurriak aurrera eramateko onarpen juridikoa duen. Urkulluk gidatutako batzorde horretan hainbat neurri murriztaile ezartzea aipatzen da. Besteak beste, ekitaldietan parte hartzea erdira murriztea, bilerak sei lagunera mugatzea edota ostalaritzako ordutegien itxiera aurreratzea.
Urnietako Udalak bere aldetik erabaki irmoa hartu du. Urriaren 20an hasita, Udalaren eskumeneko jarduera eta ekitaldi ia guztiak eten egin dituzte. Osakidetzatik iristen diren datuak onbideratu arte, gizarte bizitzari lotutako jarduerak eta ekitaldiak etetea erabaki dute. Urnietan, gainera, taberna bat baino gehiago itxi egin behar izan dituzte COVID-19aren agerpenagatik.
Andoaingo Udalak aurreko ostiralean lasaitasunerako mezua zabaldu zuen, ohar bidez. Udal batzarraldiaren amaieran prebentzio neurriak zorrozteko deia luzatu zuen alkateak. Baina gaurkoz neurri zehatzik ez da ezarri, ezta iragarri ere.
Andoaingo azken 14 egunetako intzidentzia metatua 500etik gora pasa da, eta beraz semaforo gorria piztu da. Urnietan kopuru hori bikoiztu da. Gizarte bizitza gehiago murritztuko duten egunak iristear dira.