Minbiziaren aurkako 'Gipuzkoa martxan' lasterketa birtuala izango da

Aiurri 2020ko urr. 22a, 10:28

Argazkia: AECC Gipuzkoa.

Dortsalak 5 euroren truke eskuratu daitezke AECCko webgunearen bitartez eta pertsonalizatu egin daitezke.

Urriaren 31n izango da 'Gipuzkoa martxan' lasterketa birtuala. AECCk martxan jarritako ekimenaren helburua kilometroak batzea da historiako lasterketarik luzeena lortzeko.

Parte hartu nahi duen orok dortsala erosi beharko du AECCko webgunean 5 euroren truke, eta nahi izanez gero boluntarioko eman nahi den dirua. Dortsala eskuratzen dutenei inprimatzeko eskatuko zaie eta argazkia ateratzera animatu beren sare sozialetara #LaCarreraMasLargaDelMundo traola erabilita. Berrikuntza gisa, izena ematean dortsala pertsonalizatzeko aukera eskainiko da norberaren edota besteren baten izena edota mezuren bat ipintzeko. Bankoa – Crédit Agricole 'Gipuzkoa martxan' lasterketara batu da babesle bakar gisa.

Bestalde, izena AECC elkarteak Gipuzkoan dituen sei egoitzatan ere eman daiteke, hala nola Irunen, Zarautzen, Zumarragan, Eibarren, Tolosan edota Donostian. Iaz 1.200 lagun baino gehiagok hartu zuten parte lasterketan.

AECC Gipuzkoa elkartetik deia egiten diete aurreko edizioetan parte hartu duten pertsonei ekimen birtualera batu daitezen. Etxetik korrika egiteko zintatik edota oinez parte hartu nahi dutenei ere luzatu nahi diete gonbita.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!