[Azken ordukoa: Bertan behera geratu da]

Euskal Herriko lehen sega-sail lehiaketa jokatuko da Hernanin

Xabier Lasa 2020ko urr. 22a, 11:09

Henriksen andoaindarrak eta Gabirondo urnietarrak parte hartuko dute, igande honetan.

Almitza elkarteak antolatuta, belar biltzailerik gabeko sega joko berritzailea jarriko da jokoan, Jauregiko belardian. Igande honetan izango da, eguerdiko 12:00tan hasita. Henriksen zein Gabilondo lan txukuna eginez ikuskizuna eskaintzeko asmoz doaz Hernanira.

Malou Henriksen andoaindarra

Aldrebesa gertatzen ari da denboraldia sega munduan, gainerako kirolen antzera, eta txapelketen gosez diren segalariek ez ezik zaletuek ere izango dute non asetua Hernanin, igandean. Ilusioz gainezka dabil egunotan Malou Henriksen, Sega-sail lehiaketa dela eta. Irati Astondoa, Ainara Otamendi eta Alaitz Imaz izango ditu aurkari Jauregiko belardian. Maila pertsonalean urte berezia gertatzen ari da berarentzat; entrenatzeko denbora askorik ez duela eduki arren, dena emateko prest agertu da. “Apirilaren 30ean Joar jaio zen, eta geroztik, haur zaintza eta lantokiko lanak direla medio, apenas eduki dudan astirik entrenatzeko. Azken asteetan Juantxo (Lopez de Munain) entrenatzailea eta biok Amasako belardi batean aritu gara, sasoi puntu ona lortu nahian. Polita eta azkarra iruditzen zait antolatu duten formula, eta aurkariei aurre egiteko prest agertuko naiz”.

Julen Gabirondo urnietarra

Ez dago zalantzarik Julen Gabirondok ere gogo biziz helduko diola Hernaniko lehiaketari, eta daukan guztia jarriko duela Iban Pardo, Iñigo Merkader eta Mikel Lizartzari aurrea hartzeko. Bigarren geratu zen bai Almitzak uztailean Usurbilen eta Zaldibian antolatu zuen nazioarteko erako sega Ligan, eta baita irailean jokatu zen Euskal pentatloian. Igandean jokoan den txapela Urnietara ekartzeko gogorik ez zaiola faltako, alegia. Hiru aurkari gogor izango dituela aurrez aurre, aitortu du. “Segan indarrak neurtzeko aukera askorik ez dugu eduki aurtengo denboraldian. Baina esango nuke lauok gerra emateko moduan azalduko garela. Kirolari zailduak dira hiru aurkariak. Mikel Lizartzak hiru-lau urte, mutil fina da, zimela, sokatiran neguan fuerte aritzen da eta fisikoki prestatuta agertuko da. Merkaderrengatik ere antzekoa esan daiteke; hori arraunean dabil gogor. Iban Pardok, berriz, ondo daki zer den segan lehiatzea; iaz segalarien txapelketa nagusia irabazi zuen, eta irudipena daukat bera izango dudala aurkaririk zailena”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!