Osasun mahaia osatzeko deia luzatu dute Tolosaldeko 25 alkatek

Aiurri 2020ko urr. 23a, 10:57

Arantxa Irazusta Alegiko alkatea, Igor Zapirain Ibarrako alkatea eta Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea.

Ospitale publikoa eraikitzeko Apatta industriaguneko bigarren fasea proposatu du Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak. Guztia aztertzeko, datozen asteetan udalekin, gizarte eragileekin eta sindikatuekin erronda irekiko dutela azaldu dute.

Tolosaldeko osasun publikoaren egoerak kezkatuta, Tolosaldeko 25 alkatek bat egin dute osasun mahaiaren osaketan, eta horrela akordioa sinatu zuten otsailaren 17an. Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak bere proposamenaren berri emateko prentsaurrekoa eskaini du goizean Ibarrako udaletxean eta bertan azaldu dutenez, "parte-hartze prozesua martxan jartzeko eskatu genion Eusko Jaurlaritzari; horren harira, eragile, udal eta Eusko Jaurlaritza parte izango diren mahai bat osatzeko". Prentsaurrekoan izan dira Beatriz Unzue Amasa-Villabonako alkatea, Igor Zapirain Ibarrako alkatea eta Arantxa Irazusta Alegiko alkatea.

Tolosaldeko herri guztiek noranzko berean lan egiteko momentua dela azpimarratu dute, eskualde gisa jokatuz eta guztion artean erabakiz nolako osasun arreta nahi den. "Azken egunetan Tolosaldeko alkate batzuen aldebakarrekotasun jarrerak harrituta utzi gaitu. Ez zaigu iruditzen protagonismo bila aritzeko gaia eta garaia denik. Eskualde bezala jokatzeko momentua da, guztiak noranzko beren lan egiteko. Denak ados gaude herritar guztien osasun beharrak bermatuko dituen ospitale publikoa behar-beharrezkoa dugula".

Funtsean, lau puntuei heldu behar zaielakoan dira: Tolosaldeko osasun arretaren definizioa, Asuncioneko langileen etorkizuna, ospitale berriaren kokapena eta prozesua aurrera eramateko epeen zehaztapena.

Ospitalea eraikitzeko proposamena, Apattako bigarren fasea
Ospitale publikoa eraikitzeko Apattako industrialdeko bigarren fasea proposatu du Tolosaldeko Alkateen Mugimenduak. Industriagunera bideratutako lurrak diren arren, ospitale publikoa eraikitzeko lekua badagoela iritzi dute eta aukera aztertzea eskatzen dute. "Egungo industriaren egoera kritikoa kontutan hartuta eta eskualdeak duen behar historikoa balantzan jarriz, erabar zentzuduna iruditzen zaigu industriara bideratutako lur horiek eskualderako osasun zerbitzua emango duen ospitale publikora bideratzeko aukera aztertzea", azaldu dute. Beti ere, proposamenak direla garbi utzi nahi izan dute, erabakiak guztion artean adostuak izan behar dutela aldarrikatuz. Hori horrela, "benetako erabaki gunea Tolosaldeko osasun mahaiak izan behar du, eta guk bertara eramango ditugu gure proposamenak". Kalitatezko osasun arreta bermatzeko erarik egokiena mahai horretan adostuko dela gehitu dute.

Ordezkaritza zabala osatzeko erronda
Datozen asteetan, udalekin, gizarte eragileekin eta sindikatuekin erronda bat irekiko dutela azaldu dute, adieraziz badela garaia Eusko Jaurlaritzarekin lanketarako ahal den "ordezkaritza zabalena eta anitzena" osatzeko, eta eskualdetik "ahots bakarra" izateko.

Pasa den larunbatean Tolosan izandako kalitatezko osasungintza publikoaren aldeko manifestazioari begira, adierazi dute garbi gelditu dela Tolosaldeko herritarrek aspaldirik eskatzen dutena, "eskualdean dagoen haserrea eta ezinegona agerian utziz".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!