Pilotariek eta EPELek akordioa lortu dute

Aiurri 2020ko urr. 27a, 21:48

Azken asteetan zer esan handia eman du eskuzko pilota munduan lehen aldiz egin den grebak, baina gaur akordio batera iritsi dira. Arratsaldean, tratua itxi dute eta greban zeuden 15 pilotariak frontoira bueltatuko dira asteburu honetatik aurrera.

ELA sindikatuak adierazi duenez, pilotariek aldarrikapen nagusiak eskuratu dituzte; besteak beste, azken asteetan kaleratuak izan diren pilotariak berriro ere enpresaren zati izatea, urteko gutxieneko soldata 25.000 eurokoa izatea eta bestelako barne araudia hobetzea. 

Greba amaituta, frontoira itzuliko dira pilotariak eta arreta kantxan gertatzen denak edukitzea espero da. Hilabete eta erdiz aritu dira greban, baina, azkenean, pilota zaleek norgehiagokak bere osotasunean ikusteko aukera edukiko dute.

Eskualdean greban parte hartu duen Jon Erasun zizurkildarra dago, zeinak, hasieratik gainontzeko 14 pilotariekin bat egin zuen. Horrez gain, Iker Elizegi asteasuarrak, debutatu eta egun gutxira ikusi du argia, zeinak, enpresaren eta pilotarien arteko akordioa nahi eta espero zuen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!