Gipuzkoak 60 harrera-familia behar ditu

Aiurri 2020ko aza. 3a, 11:37

Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia.

'Ikusgaitzak' izeneko kanpaina jarri du martxan Gipuzkoako Foru Aldundiak. Helburua babesgabetasun egoeran dauden haurrak ikusgarri egitea eta harrera-familia gehiago lortzea da.

'Ikusgaitzak' kanpainaren bidez, 60 harrera-familia lortu nahi dira hainbat arrazoi direla medio beren familietan bizi ezin dutelako. Egun, Gipuzkoan, 414 haur eta gazte bizi dira harrera-familietan; horietatik 338 adingabeak dira, eta beste 76k harrera-familietan bizitzen jarraitzen dute adin nagusikoak izanagatik.

Maite Peña Gizarte Politikako foru diputatuak azaldu duenez, "askotan, ez dugu ezagutzen neska-mutiko horiek bizi duten egoera, eta, horregatik, ikusezinak dira gizartearentzat. Kanpainaren bitartez, ikusgarri egin nahi ditugu, eta, horri esker, beren etxeetan hartuko dituzten harrera-familiak bilatu”.

Harrera Familia programak 31 urte
Gipuzkoako Foru Aldundiaren familia-harrerako programak 31 urte betetzen ditu aurten. Lurraldean babesgabetasun egoeran dauden haur eta nerabeek zailtasun handiko errealitateak dituzte beren familietan. Batzuetan, arazo horiek hain dira larriak, ezinbestekoa baita adingabe horiek beren familiatik kanpoko ingurune batean zaintzea. Guztiek ez dituzte behar berberak, baina familia baten berotasuna behar dute, eta, aldi berean, familia biologikoarekin harremana izaten segi, haiekin bizi ezin badute ere.

Peñak azaldu du kanpaina horretako protagonistak harrera-familiak berak direla (haurrak, gurasoak, anaia-arrebak), eta baita Izeba proiektuan parte hartzen duten familiak ere. “Sekulako balioa du familia eta haur horiek guretzako denbora hartu izanak, eta, horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu lankidetzan aritzeagatik, horrek indarra eta benetakotasuna ematen dizkiolako mezuari”, nabarmendu du Peñak, eta honela jarraitu du: “Saiatu gara erakusten, ikusgarri egiten, badaudela harrera-familia baten beharrean dauden haurrak, eta laguntzeko hainbat modu dagoela, gainera”. Izeba proiektuaren bitartez, adibidez, familiek izeba-osaben rola hartzen dute, egoitza-harreran bizi diren adingabeek dituen prozesuei laguntzeko. Programa hori 2009an sortu zen, eta egun 158 harreman daude aktibo.

“Beti behar dira harrera-familiak”, nabarmendu du Peñak, eta kanpaina zabaltzen laguntzera eta guztion artean “Gipuzkoaren aurpegirik onena erakustera” animatu ditu herritarrak, “olatua” interesatuta egon litezkeen familia guztiengana irits dadin, eta behar diren 60 familiak lor ditzagun.  Gogorarazi du, halaber, familia guztiek jasotzen dutela beharrezko laguntza eta babesa: “Profesional talde bat daukate, harreraren jarraipena egiten duena, eta profesional horiek beharrezko erabakiak hartzen dituzte familiaren eta adingabearen ongizatea zaintzeko. Horrez gain, familiek laguntza ekonomiko bat jasotzen dute ohiko gastu guztiak estaltzeko, baita kasuan-kasuan aztertzen diren laguntza bereziak ere”.

Peñak eskerrak eman nahi izan dizkie egunez egun “lan bikain eta hain beharrezkoa” egiten duten harrera-familiei eta arlo horretan lan egiten duten Beroa, Lauka, Agintzari eta Baketik elkarteei. “Familiek kontatzen digute egunerokoa maiz zailtzen dela eta erronka handiei egin behar izaten dietela aurre, baina aldi berean esperientzia ona eta oso positiboa dela”.  Horregatik aitortu nahi izan du familia horien lana, ardura eta elkartasuna, eta gogorarazi du edozein pertsona izan daitekeela harrera-familia. Interesatuta egon litezkeen familiak deitzera eta informazioa eskatzera animatu ditu, “hori baita egin beharreko lehen urratsa eta, askotan, zailena”.

Kontakturako bideak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!