[Astekariaren aurrerapena]

Kultur eragileen ahotan

Aiurri 2020ko aza. 10a, 13:01

Zuloak eragin ditu pandemiak euskal kulturgintzan. Martxoko itxialdiak sortzaileen egunerokotasuna oztopatu zuen, eta asko dira osasun larrialdia hasi zenetik ezjakintasun handiz eta beldurrez bizi diren kulturgileak. Sortzaileak ez ezik, kulturgintzaren ekosisteman berebizikoak diren beste hainbat eragile ere kaltetu dira azken hilabeteotan, tartean, antolatzaileak zein bitartekariak.

Kulturgintzan buru-belarri lanean diharduten hiru eragile izango ditugu aste honetako astekarian. Txakur Gorria sormen kolektiboko kidea da Ane Labaka; itxialdiak ezustean harrapatu zuen, baina egoera ez da oztopo izan sortzen jarraitzeko. Kepa Errasti aktoreak eta gidoilariak ere ez du bere jarduna eten, izan ere, hainbat proiektutan dabil murgilduta: “Fadoak entzuten zituen gizona” estreinatu du berriki, eta “Sisiforen paperak” antzezlana prestatzen aritu da Sarobe arte eszenikoen gunean. Azkenik, Oier Iurramendi Bertsozale elkarteko sustapen eragilearen hitzak jaso ditugu, egoera honetan bertsolaritzak zein leku duen ezagutzeko eta elkarteak azken hilabetetan izandako gorabeheren berri izateko.

Kulturaz, eragileen jardunaz, sortzaileen egunerokotasunaz eta beste hainbat aferez osteguneko astekarian.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!