"Era eskola", gurasoentzat online formakuntza

Aiurri 2020ko aza. 12a, 12:52

Martxan da "Era eskola", Nafarroan euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntzak eta baliabideak bermatzen dizkien eskola. Seme-alaben ikaskuntza prozesua oinarri hartuta, gakoak emango dizkiete gurasoei bidaia horretan bidelagun izan daitezen. 

Orotara, hiru kidek hartuko dute hitza jardunaldian. Saioak zuzenean emitituko dira, streaming bidez, Era Nafarroaren YouTube kanalean. Hizlari bakoitzak saio bana egingo du, 16:00etan euskaraz eta 18:00etan gaztelaniaz. Horrez gain,  WhatsAppez zein YouTube kanaleko txataren bidez galderak zuzenean egiteko aukera egongo da. Saioak doakoak izango dira eta ez da aldez aurretik izena eman behar. Hiru hitzaldi izango ditu oinarri jardunaldiak (informazio gehiago Era Nafarroako web orrialdean): 

Azaroak 16, astelehena: Iñaki Eizmendi,  "Gure seme-alabei euskararekin eta hizkuntzarekin leguntzearen erronka"

Seme-alabek hizkuntzekin duten harremana izango du hizpide hitzaldi honek. Izan ere, eleaniztunak izateko bidean daude haurrak, eta gurasoak prozesu horren bidelagun izan daitezke. Horretarako, aholkuak eta proposamenak egingo dira, gurasoen eskutik seme-alaben hizkuntza-ohituren oinarria sendotzeko. 

Azaroak 18, asteazkena: Nerea Mendizabal, "Seme-alaben autonomia, motibazioa eta autoestimua lantzen"

Haurren jarduna ipiniko da erdigunean mintzaldi honetan. Seme-alaben autonomia sustatu ez ezik, horren interesa, motiboazioa eta segurtasuna areagotzea izango du helburu solasaldiak, baita harremanen zaintza ere.  Horrez gain, Mendizabal psikopedagogoak hitzaldi bat eman zuen itxialdian haurrak eta konfinamendua oinarri hartuta, Hernaniko Udalaren eskutik. 

Azaroak 25, asteazkena: Julen Linazasoro, "Euskara, sareko baliabideak, Google tresnak eta zibersegurtasuna"

Egun, osasun larrialdiak eragindako egoerak eskolako lan asko etxean egitera behartu ditu ikasleak, eta horretarako, Googleko tresnez baliatzen dira sarri. Tresna horiek euskaraz jartzeko eta sareko zenbait baliabide modu egoki eta seguruan erabiltzeko zenbait aholku emango dira hitzaldi honetan.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!