Martxan da Gipuzkoako Foru Aldundiak azaroaren 25aren harira egindako kanpaina

Aiurri 2020ko aza. 17a, 12:42

Gipuzkoako Foru Aldundiak sentsibilizazio-kanpaina bat jarri du abian gaur goizean, azaroaren 25eko Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira.  “Indarkeria matxistaren aurrean ez zaitez ikusle huts bat izan” lelopean, herritarren kontzientzian eragitea du helburu egitasmoak, herritarrek eraso sexistak identifikatu eta aurre egin diezaioten.

"Gure eguneroko bizitzan, denok gara publikoaren parte, gizon zein emakume. Zinemara joaten garenean, kontzertu batean … ikusten dugunaren aurrean objektu pasiboak izaten gara, normalean. Baina gure bizitza erreala da, ez da ikuskizun bat; beraz, gure jarrerarekin, inguratzen gaituen errealitatea alda dezakegu. Hortik sortu da indarkeria matxistaren aurrean publikoaren parte ez izateko ideia ", dio Miren Elgarrestak, Berdintasunerako Foru Organoko zuzendariak.

Indarkeria matxistaren aurkako kanpaina gaur hasi eta abendura bitartean izango da,  eta komunikabideetan zein sare digitaletan presentzia izango du. Halaber, egitasmoaren webgunean sentsibilizazio-materiala egongo da, baita  indarkeria matxista normalizatuari buruzko informazioa ere. Horrez gain, ikusgai daude, besteak beste, indarkeriaren biktima diren emakumeei laguntzeko baliabideak eta eraso bat ikusiz gero jarduteko moduari buruzko informazioa.
 
Elgarrestak azaldu duenez, kanpaina hori indarkeria matxistaren arloko hainbat aditurekin egindako hausnarketatik abiatu da: proiektu “probokatzaile eta pedagogikoa" da haren esanetan. Era berean, adierazi duenez, Aldundiak, ekimen horren bidez, transmititu nahi du “indarkeriatik atera daitekeela, baldin eta denok gaiaren garrantziaz jabetzen bagara eta horrelako jokabideak justifikatzeari uzten badiogu".
 
Harekin batera izan da aurkezpen-ekitaldian Markel Olano diputatu nagusia. Azken horrek herritarrak animatu ditu "publiko pasiboa” izan ez daitezen. Hala, "konpromiso kolektiboa eta indibiduala hartzeko deialdia egin du diputatuak, "guztion artean bortizkeria mota hori gizartetik desagerrarazteko".

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!