2020A25

Autodefentsa feministaren aldarrikapena, elkarren zaintzatik abiatuta

Aiurri 2020ko aza. 26a, 11:36

Buruntzaldeako Neska* Gazteek manifestazioa egin dute Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira. Lasarte-Orian bildu ziren atzo, bai bertakoak, bai inguruko herrietako kideak. Arratseko 19:00etan izan zen hitzordua, eta aldarrikapen feministez bete zituzten herriko kaleak. 

"Normaltasun cisheteropatriarkalaren aurrean kaleak hartuko ditugu. Elkar zainduz autodefentsa feminista!", zioen manifestazioko pankartak. Okendo plazan ekin zioten ibilbideari eta herriko kaleetan murgildu ziren jarraian. Bi lerrokada luzeetan antolartuta egin zuten manifestazioa, eta hasierako leku berean eman zioten amaiera mobilizazioari. 

Mende luzez emakumeei ukatutako espazioak bereganatzeko borroka egingo dutela aldarrikatu zuten, baita izaten diren erasoei erantzuna ematen jarraituko dutela jakinarazi ere. Egunerokotasunean beldurrez bizi diren emakumeak izan zituzten gogoan, eta berriki saretzen hasitako Buruntzaldeako Neska* Gazteak taldeak lanean jarraituko duela gogorarazi zuten: "Gure hautuan berresten gara, elkar zainduz eta autodefentsa feministaren bitartez, hortzak erakutsiko dizkiogu ahul eta itzaletan nahi gaituen sistemari. Ez dugu inongo erasorik onartuko!".  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!