Black Friday-ren aurkako mezuak ipini dituzte merkatariek erakusleihoetan

Aiurri 2020ko aza. 27a, 11:18

Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo dendetako erakusleihoetan Black Friday fenomenoaren aurkako mezuak irakur daitezke. Oria Merkatarien Elkarteak kanpaina bat jarri du martxan herritarrei herriko komertzioetan erosteak duen garrantzia erakutsiz.

Azken urteetan, indarra hartzen joan da saltoki handiek gabonen atarian eskaintzen dituzten merkealdiak 'Black Friday' edo 'Ostiral Beltza' deiturikoa. Hasiera batean, egun bateko kontua zen, baina urte gutxiren buruan asteburu osoa hartzen joan da eta egun hilabete osoa ere hartzen dute merkatal saltoki handiek beherapenak eskaintzeko.

Jendea masiboki kontsumitzera bultzatzen duen kanpaina baino ez da 'Black Friday'; horrela, herrietako merkataritza berriro ere atzean utziz eta kontsumoa saltoki handietara bideratuz. Horren aurrean, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo dendetako erakusleihoetan honako mezuak irakur daitezke 'Black Friday'-ren aurka:

"Handiak beti txikia jaten du, aldatzeko prest?"

"Hemen dituzu aholkuak eta laguntza ematen dizkizuten pertsonak"

"Ez gara erakusleihoak bakarrik, gero online eros dezazun"

"Saltoki bakoitzaren atzean familia bat dago elikatzeko"

"Herriko dendetan erosi, guztion onurarako da"

"Herrian gaude zuri esker"

"Eskerrik asko gugan konfiantza izateagatik"

"Lan-baldintza duinen alde egiten dugu"

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!