Buruntzaldea Igeriketa Taldekoek emaitza garrantzitsuak lortu dituzte asteburuan

Aiurri 2020ko abe. 1a, 16:12

Buruntzaldea IKTkoek marka bikainak lortu zituzten pasa den asteburuan Getxon eta Irunen egin ziren lehiaketetan. Tartean Urnietako eta Andoaingo lau igerilari egon ziren.

Izaro Audikana andoaindarrak 100 tximeleta eta 100 lau estiloak proban maila pertsonaleko errekorra lortu zuen Getxon. Iruneko txapelketan, berriz, Eneko Eliasu nabarmendu da, lortutako marka hobekuntzengatik eta burututako dituen probek eskatzen zuten errekuperazio ahalmenagatik. Estilo libreko 50 metroko marka pertsonal berria 26,64an utzi zuen Enekok, 100 librekoa 56,66an, aurrekoa ia 2 segundutan hobetuz, eta 200 metrokoa 2:03,31n. Hobetu ez duen bakarra 400 metrokoa izan zen, baina oso erregistro onetan aritu zen eta bere markatik segundu bat baino ez zen hurrundu.

Marka hobekuntzarik lortu ez bazuten ere, Mikel Esnal, Nerea Santos eta Izaro Audikana ere lehian izan ziren eta euren onena eman zuten, maila ona erakutsi zuten.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!