“Garai zoragarria lapurtzen ari gatzaizkie haurrei eta nerabeei”

Oihana Torrealdea Haurrak Ere Bai konfinamenduan sortu zen Euskal Herri mailako plataformako kidea da.

Oihana Torrealda Haurrak Ere Bai plataformako kidea da, osasun-larrialdi egoeran haurren eta nerabeen eskubideak babesteko sortu zena. 

Askoren haurtzaroa zein nerabezaroa lurrikaratu ditu pandemiak, eta, beste guraso asko lez, horren lekuko izan da Oihana Torrealdea. Ama ez ezik irakaslea ere bada, baita Haurrak EreBai taldeko kidea ere. Ikasturte berriari ekitearekin batera, ikasleen osasuna bermatzeko proposamena luzatu diote goi agintaritzari. Oraindik ez dute erantzunik jaso. Itxialdiaz, adimen emozionalaz, musukoaren erabileraz eta giza garapenaz mintzatu da Torrealdea, ama bihotzetik zein hezitzaile begietatik.

Nola bizi izan zenuen konfinamendua guraso zaren aldetik?

Hiru haurren ama naiz: bi, bost eta hamaika urte dituzte, nor bere beharrizan eta ezaugarriekin. Guraso gisa, besteak beste, inpotentzia handiarekin bizi izan nuen konfinamendua. Hasieratik oso argi geneukan helduen antzera haurrek ere kalera ateratzeko aukera izan behar zutela. Egia da familia bakoitzaren arabera ere haurren egoera xamurragoa edo larriagoa zela. Alegia, ez da gauza bera baserrian zein kanpo espazioan edo partekatutako pisu batean bizitzea; familia errealitate anitzak daude. Haurrek ere kalera ateratzeko tartea izatea eskatzen genuen. Hasiera oso gogorra izan genuen, izan ere, oso kritikatuak izan ginen; inkontzienteak ginela esaten ziguten. Hamabost egunerako itxialdia ezarri zuten lehenik, eta gurean ondo eman genuen. Baina haurren premiak adinaren arabera aldatzen dira, eta txikienak berokia hartu, atearen parean jarri eta kalera atera nahi zuela esaten zigun. Alabak hamaika urte ditu. Lagunekin egoteko eta taldearen parte sentitzeko premia du, bere garapenerako beharrezkoa baita; baina egoera ulertzea kostatu egin zitzaion, bere biologiaren aurka doalako. 

Jende askok sentitzen du beldurra garaiotan, baita haurrek ere. Nola eragiten du horrek?

Normala da beldurra sentitzea. Hainbat etxetan gaixoak egon dira, hildakoak egon dira. Beste askotan pertsona zaurgarriak ditugu, aiton-amonak, eta askok erabaki dute senide zaurgariak ez ikustea, haiek babesteko. Horrek beldur handiagoa sortzen du, nork bere burua arriskutsutzat jotzen duelako. Beraz, beldurraz gain, erruduntasuna ere badago, eta horrek beldurrak berak baino kalte handiagoa eragiten du. Beldurrez jositako mezuak iristen zaizkigu, eta sentimendu horrek ez digu zentzu kritikoz pentsatzen uzten. Beldurrak paralizatu egiten gaitu, eta estresa zein antsietatea sor ditzake. Neurri zorrotzek askatasun falta dakarte, itotasun sentsazioa. Gainera, jaso dugun heziketak analfabeto emozionalak bihurtzen gaitu eta benetako zailtasunak ditugu beldurra, tristura, amorrua eta tankerako emozioak kudeatzeko. Emozioei izena jarri behar zaie, identifikatzen ikasi behar ditugu: emozioa onartu, bere lagun egin eta landu egin behar dugu. Beldurra ez da txarra, jaiotzen garenetik sentitzen dugun zerbait da; beldurra behar dugu bizitzeko, bizirauteko. Baina kasu honetan ez dago proportzionaltasunik, beldur izugarria dago, bai birusarekiko, bai inguratzen gaituenarekiko, bai geure buruarekiko; horrek haurrengan eragin zuzena du, noski, eta helduok beldur horrekin egiten dugunaren araberakoa izango da hori. Azken finean, gaixotasuna eta heriotza bizitzaren parte direla ahaztu zaigu nonbait. Lehendik ere gizarte nahiko hedonista batean bizi ginen: sufrimendu gutxi, dena da poza, dena alaitasuna. Agian, aukera dugu ikasteko gaixotasuna eta heriotza bizitzaren zikloaren parte direla. Lanketa egin behar dugu gizarte gisa, eta haurren eredu izan. 

Ongizate fisikoaz mintzo dira asko aspaldian. Baina non gelditu da osasun emozionala?

Osasun fisikoari erreparatzea baino gehiago, koronabirusaren transmisioa etetea izan dute oinarri neurriek. Haurrak Ere Bai taldetik osasuna modu integralean ulertzen dugu: ongizatea biopsikoafektibo eta soziala da. Guk argi dugu guztia dagoela harremanetan. Estresak eta antsietateak eragin fisikoa dute, baita tristurak ere. Emozioak dira, baina fisikoki sentitzen ditugu, gure paparrean, gure sabelean. Bizi dugun egoera estres handikoa da, eta gainera, uste dugu ahal den guztia egiten ari garela kutsatzetik babesteko. Baina, behar bada, ahal den guztia baino, behar den guztia egin behar dugu. Hartzen ari diren neurriek ondorio larriak eragingo dituzte haurrengan, baita gizarte osoarengan ere. 

Buruko osasunaren oinarriak haurtzaroan eraikitzen hasten direla diozu.

Babestuko eta maitatuko duen gorputza behar du haurrak jaiotzen denetik. Egin gabe jaiotzen da umea, erabat menpekoa da, eta horren zainketak eta inguruarekin duen elkarreraginak ezarriko ditu oinarriak bere nortasunean eta gaitasunean. Jaiotzen garenetik atxikimendu egokia bideratuko duten harremanek eta haurtzaroan bizitakoek ezarriko dituzte oinarriak helduaroan izango dugun osasun integral ezinhobe baterako. 

Etxe batekin alderatu daiteke: etxea eraikitzen hastean, lehenik eta behin, oinarri egokia ipini beharra dago, eta gero adreiluak, behetik gora. Denborarekin etxeko teilak, leihoak apurtu daitezke, baita konpondu ere. Etxea ez da horregatik eroriko. Haurtzaroan, nolabait, oinarria eta adreiluak jartzen dira, eta zenbat eta sendoagoak, hobe, zeren eta tinko egongo baitira helduaroan izango ditugun zailtasunei aurre egiteko estrategiak. Eraikitze-fase hori beldur eta frustrazio handiarekin bizitako egoera da egungo haur eta nerabeentzat. Hurkoarekiko eta norberarekiko beldurra eragin du egoerak, eta horrek ondorioak izango ditu harremanetan. Gizakia, izaki soziala den heinean, harremantzean eta harremanetatik egiten da gizaki. Besteak behar ditugu gizaki izateko. Umetatik ikasten da, jaiotzetik sozializatzen gara. Baina neurriek ahalik eta gutxien harremantzera eramaten gaituzte, eta azaldu diren beldur horiek guztiek eragina izan dezakete aipatutako etxearen oinarrian.

Ama ez ezik, irakaslea ere bazara Lehen Hezkuntzan.

Amorru puntu batekin bizi dut egoera, frustrazioarekin eta inpotentziarekin. Eskola askok itxura militarra hartu dute, koronabirusaren transmisioa ekiditeko ezarritako neurriak direla-eta. Hori guztia haurren naturaltasunaren aurka doa eta erabat apurtzen du umeen berezkotasuna. Ezinezkoa da protokoloa %100 betetzea, ez eskolen partetik, ez gobernuaren partetik. Esaterako, goi aginteak ezarri du haurrak 1.5 metroko distantzian egon behar direla. Hala, gela txikiak goraino beteta daude, ratio oso altuarekin. Lehendik ere, haurtzaroak oso toki prekarioa izan du gure gizartean, eta horren isla da egunotan bizi duguna. Eskoletan gertatzen ari denak agerian utzi du hezkuntzan dagoen gabezia. Orain planteatzen zaigun eszenatokian, inongo inbertsiorik gabe jarri dira neurriak, zeinak haurrek eta irakasleok bete behar ditugun, gure izaeraren kontra, eta eskola askoren pedagogiaren kontra. 

Musukoak ipinita ikusten ditugu haurrak eta irakasleak eskoletan.

Musukoarekin kontuarekin gizartea polarizatuta dago. Baditugu, batetik, horren erabilera babesten dutenak, eta baditugu, bestetik, edozein testuinguru dela ere musukoaren kontra doazenak. Nik uste dut legitimoak direla bi sentsibilitateak; biek dute beldurra oinarrian: lehenek, beldurra diote birusari, kutsatua izateari eta ingurukoak kutsatzeari; bigarrenak, musukoak osasunean eragin ditzakeen albo-kalteen beldur dira. Horrela, etxean jasotako mezuaren arabera bizi dute haurrek egoera. Gu hor ez gara sartuko, sentsibilitate guztiak errespetatzen ditugu. Haurrak Ere Bai plataforman Munduko Osasun Erakundearen gomendioak ditugu gogoan, zeinetan ez da gomendatzen musukoaren erabilera hamabi urtetik beherako haurren kasuan. EAEn sei urtetik gorako haurrak derrigortuta daude musukoa erabiltzera. Nafarroan, ordea, hamabi urtetik beherako haurrak ez daude derrigortuta kalean musukoa erabiltzera; bai, baina, eskolako patioan. Guk MOE-ren gomendioen alde egiten dugu. Familia bakoitzak erabaki dezala bere askatasunetik edo bere beldurretik noiz eta non erabiliko duen haurrak musukoa. 

Ezohiko haurtzaroa izango da askorena, ezta?

Haurren harremantzeko modua, aurretik ere, aldatzen hasia zen, teknologia dela medio. Horrekin larrituta geunden osasungintzako nahiz hezkuntzako zenbait kide, egungo egoerak elikatu egin du joera hori. Egoera honek gonbidapena luzatzen digu aurrez aurreko harremana mugatzera. Haurtzaro eta nerabezaro arraroak bizitzen ari dira; garai zoragarria lapurtzen ari gatzaizkie, nerabeei batez ere: garatzeko unea dute, zentzu kritikoa bor-borrean dagoen garaia da. Mundua jango dugunaren sentsazioa izaten dugu nerabe izatean, justizieroak bihurtzen gara. Lehen maitasunak, lehen irteerak, lehen parrandak bizitzen ditugu aro horretan. Hori guztia lapurtzen ari gatzaizkie eta eragina izango du. Gainera, lehendik estigmatizatua zegoen taldea zen nerabeena, eta orain iritzi hori areagotu egin da. Izan ere, badirudi eurak direla pandemiaren errudun. Azken finean, askatasun murrizketa da gertatu dena, eta nerabei zein haurrei garapen prozesuan harrapatu die. Oreka bilatu beharra dago. 

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!