Durangorik gabeko azoka egunak

Aiurri 2020ko abe. 3a, 10:51

Ane Pikazak taupada koloretsuak islatu ditu aurtengo kartelean. ©Anepikaza

Pandemiak aurretik eraman du gizarte bizitza. Durangoko Azoka hauspoa izaten da idazle eta musikarientzat, eta baita kulturzaleentzat ere. Aurtengoan ezinezkoa izango da hara joatea. Horregatik, ordea, ez diogu erosteari utzi behar. Aukerak badira, sarean eta gertuko dendetan.

Andoainen hiru liburudenda ditugu, eta Amasa-Villabonan eta Aiztondoko gainerako herrietan ere badago liburuak eta diskoak erosteko aukera. Egun hauetan euskal kulturzaleek hutsunea nabarituko dute, Durangorik gabeko azoka egunak izango baitira. Ez genioke kontsumitzeari utzi behar, behar-beharrezkoa baita gure kulturak aurrera egin dezan. Tokian tokiko dendetan erostea aukera aproposa da. Gerediaga elkarteak eta Durangoko Azokak, bestalde, elkartzeko ezintasun fisikoa aukera bilakatu dute eta diskoak, liburuak eta bestelako produktuak erosteko webgunea sortu dute.

Durangokoazoka.eus 

"Erakusmahaiz beteta ikustera ohituta gauden Landako gunea, aurtengoan online dendaren biltegi, eta sormen eta kultur ekitaldi desberdinen erakustoki bihurtuko da". 2020ko Durangoko Azoka zer izango den horrela deskribatu zuen Nerea Mujika, Gerediagako lehendakariak.

Gauzak horrela, Durangokoazoka.eus denda birtuala  izango da edizio honetako nobedade nagusia. Aurten ekoiztu eta argitaratu diren ekoizpenen denda izango da. Aurkezpen ekitaldian datuak eman zituzten: On line bidez,  636 liburu, 100 musika-produktu, 44 aldizkari eta 72 ekoizpen erosteko aukera izango da. Guztira, 2300 produktu 185 parte-hartzaileren eskutik. Lau egunez Amazoni itzala egiteko moduko eskaintza. Nerea Mujikak dei egin die kulturzaleei aurtengo Azoka beste modu batera bizitzeko: "Goza ezazue aurtengo Azoka. Hartu tarte bat online denda kuxkuxeatzeko eta egin klik, eskuratu euskal kultura. Ez dadila Azokaren taupada eten, ezta euskal kulturarena ere".

Erosketak egiteko aukera abenduaren 4tik 8ra arte egongo da, abenduaren 3tik aurrera katalogoa kontsultatu eta produktuak aukeratu ahal izango dira "desioen saskian". Horrela, abenduaren 4an, aukeratutako "desioen saski" hori errealitate bihurtuko du erosleak, ordainketa egin eta erosketari amaiera emanez. Ordainketa egiten duten lehenengo mila erosleek aurtengo kartelaren irudiarekin egindako poltsa berezia jasoko dute doan, euren erosketarekin batera. Halaber, 45 eurotik gorako erosketa guztiek ez dute bidalketa-gasturik ordaindu beharko.

Ekitaldiak ez dira faltako

Durangaldekoak ez direnentzat internet bidez jarraitzeko aukera izango da. Landako Gunean eta Plateruenan ehun kultur ekitaldi antolatuko dituzte, eta horietatik 37 musika taldeen kontzertuak izango dira. Azoka Telebistako kide Oihane Agirrek azpimarratu zuen bezala, kulturzaleek aukera izango dute Azokako webgunetik Durangon gertatzen ari dena jarraitzeko: "Bi streaming kanal egongo dira gure webgunean, bata Landako Guneari dagokiona eta bestea Plateruenari, eta bertan egunero goizeko 10:30etik 21:00ak arte Azoka ikusi, entzun eta gozatu ahal izango da". Besteak beste, honako taldeak arituko dira zuzenean: Habi, Zetak, Mikel Urdangarin, Korrontzi, Rafa Rueda, Gatibu...

Idazleen artean aurkezpen-sorta zabala iragarri dute: Juan Kruz Igerabide, Uxue Alberdi, Bernardo Atxaga, Jakoba Errekondo, Miren Agur Meabe, Yurre Ugarte, Kattalin Miner, Andoni Olariaga, Iñaki Egaña, Danele Sarriugarte...

Gerediagako kudeatzaile Arantza Atutxak gogoratu zuenez, Azoka ez da salerosketarako gune hutsa: "Kulturaz gozatzea, sortzaile berriak deskubritzea, hausnarketa mamitsuak entzuteko eta ikuskizun nahiz kontzertuak bizitzea ere bada".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!