Biktimekiko trataera diskriminatzailea salatu dute hainbat elkarte memorialistek

Xabier Lasa 2020ko abe. 10a, 17:07

Euskal Herrian memoria jorratzen duten hainbat eragileen ustetan, planteamendu diskriminatzailea ezarri nahi du Gasteizen proiektatuta dagoen Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionalak. “Memoria osoa, bizikidetzaren alde” manifestua aurkeztu dute Gasteizen gaur, eta atxikimendua lortzeko kanpaina abian jarri dute, memoriaosoa.eus web gunearen eskutik. 

 

Elkarteek adierazpenean azaltzen dutenez, “Asko dira gure zauri irekiak eta ez ditugu ahaztu nahi indarkeria-adierazpen ugarik eragindako marka horiek. Gure nahia da inork ez dezala inoiz, ez hemen, ez inon, gauza bera jasan. Ezin baititugu ahaztu gure gertuko historian izandako Giza Eskubideen urraketa guztiak. Horregatik, bizikidetza eraikitzeko erabaki irmoa dugu, inolako bazterketarik eta diskriminaziorik gabeko memoria, alegia”.

Gogoratzen dutenez, Gasteizeko memoria zentro horrek 29/2011 Legea (Terrorismoaren Biktimen Aitorpenerako eta Babes Integralerako legea) hartzen du oinarritzat, hots, "1960ko urtarrilaren 1etik erregistratutako terrorismo-adierazpen guztien biktimekiko aitorpen, errespetu eta elkartasun-zeinua izan nahi du". Nolanahi ere, euren iritziz, egiazki, kanpoan uzten ditu “Estatuaren aparatuek data horretatik aurrera eragindako giza eskubideen urraketen milaka biktima eta baita aurreko urtetakoak ere”·

Jaurlaritzak zein Nafarroako gobernuak azken urteetan onartu dituzten legeetan biktima horietako batzuk jasotzen direla onartzen dute manifestuaren bultzatzaileek, baina aldi berean, zera diote: “besteekin alderatuta, aitortza ez da maila bereko. Oraindik, hartara, biktima asko daude aitortzeko eta giza eskubideen urraketen mapara gehitzeko”.

 

Hiru eskakizun

Azkenik, hiru eskakizun luzatu dizkiete Euskal Herriko erakundeetako ordezkariei, hezkuntza-komunitateari eta eragile politiko eta sozialei. Lehenbizi, ez onartzea Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Zentro Nazionala"-ren planteamendu diskriminatzailea. Bigarrenik, Memoria Osoan oinarritutako dinamikak bultzatzea, Giza Eskubideen urraketa guztiak barne hartuz. Eta hirugarrenik, bizikidetza bazterketarik gabe eraikitzea.

Manifestuaren eragile sinatzaileen artean Oroituz, Andoainen elkartea dago. Hona nortzuk diren elkarteak: Amapola del Camino; Autobus de la Memoria; Berriz 1936 Gogoratzen; Durango 1936; Egia, Kalteordaina-Genozidio Donostia; Egiari Zor; Gernika Batzordea; Goldatu elkartea; Intxorta 1937 Kultur Elkartea; Martxoak 3 elkartea; Sanfermines 78 gogoan; eta, Oroituz, Andoainen.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!