2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratuko dute

Mikel Arberas 2020ko abe. 15a, 13:23

Argazkia: Bertsozale elkartea

Bertsozale elkarteak jakinarazi du, 2021ean egin behar zen Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratu egingo dela, datarik zehaztu gabe. Izan ere, hauen esanetan "nekez betetzen dira" txapelketa behar bezala gauzatzeko baldintzak.

Pandemiaren eraginez, bertso saio ugari bertan behera geratu dira, eta bertso-eskolek zailtasunak dituzte normaltasunez aritzeko. Bestalde, orain pentsaezintzat dute jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldi bat egitea, eta, osasun irizpideak aintzat, mementoren batean parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea gerta bailiteke. "Hasi eta buka", txapelketa gauzatzeko bermerik ez dagoenez ekitaldia atzeratzea erabaki du elkarteak.

Bertsozale elkarteak aitortu duenez: "Udazkenean bi txapelketa genituen jokatzekoak, eta atzeratu egin ditugu biak: Bizkaiko Bertsolari Txapelketa zein Lapurdi, Baxenabarre eta Zuberoa elkartzen dituen Xilaba txapelketa. Lehenean, Udabarria Bertsotan sailkapen fasea eginda hurrengo pausoa ez ematea erabaki genuen, eta, bigarrenean, txapelketa eten egin genuen, urriaren amaieran Frantziar Estatuan egoera okertu eta neurri berriak sartzearekin batera". 

Esanak esan, 2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak ere atzeratu egingo zituztela jakinarazi zuten. Bestalde, nabarmendu dute, pandemiaren bilakaeraren arabera hartuko dituztela erabakiak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!