Goizean izan da Astigarragako Ibai Lur jatetxeko sagardotekaren aurkezpen ekitaldia. Sagardo botilak apalategian daude ikusgai jantokian bertan, bezero guztien bistan, botilen ondoan sagardo bakoitzari buruzko azalpen orria dagoelarik. Lur Basurtoren ideiatik eman du fruitua sagardotekak, eta bere arreba Laida Basurto kazetariak azaldu duenez, "bezeroei kalitatezko sagardoa eskaintzea du helburu Ibai Lur jatetxeak; eta sagardotegia ez den arren, sagardoari oso lotutako jatetxea da".
Lur Basurto berak aipatu du ondoren, leku dinamiko baten beharra botatzen zutela faltan Astigarragan, "sagardo ezberdinak, kalitate ezberdinekoak" dastatzeko aukera emateko jendeari. Karta horretan 18 sagardo ezberdin daude 10 sagardotegitakoak, hala nola, Aburuza, Alorrenea, Bereziartua, Gartziategi, Irigoien, Isastegi, Lizeaga, Petritegi, Zapiain eta Zelaia. Sagardoen kartari edota aukeraketari garrantzia emanez jarraitu du hitz egin du Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako koordinatzailea den Unai Agirrek: "Sagardotegi bakoitzak sagardoa egiteko bere modua dauka eta joko handia ematen du horrek jatetxe eta tabernetako kartetan". Jatetxe gehiago animatu nahi dituzte Euskal Sagardoa Jatorri Deituratik sagardo karta edukitzera.
Aurkezpen ekitaldiaren amaieran, sagardo kata egin dute Mikel Garaizabal enologo eta somelierrak gidatuta, eta katan bertan eskualdeko sagardogileak egon dira.