PCR proba gutxiago egiten ari dira egun hauetan, baina positibotasun tasa ez da horrexegatik jaisten. Aurkakoa, goruntz jarraitzen du. Atzokoan %7,7koa izan zen, aurreko hiru egunetako tasa igoz (% 6,1, %6,9 eta %7,3ko aurreko hiru egunetan, hurrenez hurren).
Atzo, 4.836 proba egin ziren eta haietatik, 370 positiboak izan ziren (% 7,7). Lurraldez lurralde igoera egon da guztietan, Baina atzokoan bereziki Gipuzkoan eman zen igoera. Lurraldeen arabera: 72 Araban, 152 Bizkaian, 138 Gipuzkoan eta beste erkidego batzuetako 8 kasu.
Ospitaleen egoerari dagokionez, COVIDaren ondorioz 28 pertsona ospitaleratu ziren atzo, eta COVIDa duten 79 pertsona ZIUn daude. Azken datu hori egonkor samarra da.
Udalerrietako kasuak eta R0 indizea bihar eguneratuko dituztela jakinarazi dute.