IRAULI sortu dute, Buruntzaldeako Langile Prekarioen sarea

Aiurri 2021ko urt. 4a, 09:10

IRAULI eskualdeko herritarrek osatzen duten taldea da, zeinak bi ardatz nagusietan eragiteko asmoa duen; lehenik prekarietate egoerari aurre egin ahal izateko identifikazio lana egin behar dela diote. Bigarrenik problematika konkretuei erantzun kolektiboak eman behar zaizkiela nabarmendu dute. 

Honako azalpen oharra helarazi dute: 

Azken hamarkadetan kapitalismoak sortutako krisien aitzakipean, prekarizazio prozesu etengabe batera kondenatu dute langileria; gure eskubideen urraketan eta betiko eliteen mesedetan oinarritutako erabaki ekonomiko eta sozialak jasaten gabiltza etengabe. Sistema kapitalistaren gabeziak eta hutsuneak aspaldidanik ezagunak badira ere, COVID19-ak era gordinenean azaleratu ditu horiek, klaseen arteko talka eta langileon zaurgarritasuna areagotuz.

Krisi berriari, konponbide zaharrak eman nahian dabil kapitala; langilegoaren bizkar utzi nahi dute berriro ere krisiaren pisua, elite ekonomiko eta politikoen interesak eta irabaziak bermatzen diren bitartean. Krisi hau, aurrekoen antzera, langileok ordain dezagun nahi dute.

Prekarietatea estrukturala den honetan, gehiengoaren ongizatea bigarren maila batera mugatu eta euren interesak lehenetsi dituzte. Geure bizi baldintzak eta bizitza bera jokoan jartzen dituzte euren irabazi asmoak bete daitezen.

Testuinguru horren aurrean, antolatzeko eta gehiengoa osatzen dugun langilegoaren mesedetan kokatuko den sistema baten aldeko borrokari ekiteko beharra ikusi dugu. Horretara dator IRAULI; langileon problematikei aurre egiteko borrokei ekitera, formakuntza eta kontzientziazioan sakontzera, langileon antolaketa indartzera, eta zapaltzen gaituen sistemari aurre egiteko mekanismoak sortzera.

Gaur argia ikusten duen proiektu bat bada ere, aspaldidanik lantzen gabiltzan ideia da IRAULI. Hilabeteetan zehar gure eskualdearen errealitatea aztertzeari eta bertako langileok pairatzen ditugun prekarietate egoera ohikoenak identifikatzeari ekin genion. Horixe izan zen Buruntzaldeako gazte prekarioen sarea sortzeko ideiaren jatorria.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!