Filomenaren baitan, elurraren zain

Andoni Urbistondo 2021ko urt. 7a, 07:44

© Diego Barrasa

Izen hori jarri dioten borraska ekialderago edo mendebalderago kokatu, zuritzea espero da asteburuan.

Atmosfera kaotikoa den bezala, elur zaleen grina eta gosea ere bai. Kaotikoa baino, amorragarria. Beterriko mendietan lodi zuritu du azken astean, metroa pasa Ernion, metrotik gertu Zelatunen, eta 35 zentimetro Adarramendiko tontorrean. Baina herrietan apenas ezer ez, Alkiza eta Larraulen, eskualdeko herri garaienetan izan ezik. Edonor aberats eginen lukeen galdera egin eta egin ari da jendea: “zurituko al du herrian?”. Ba ezin esan zehatz-mehatz. Kontua da Espainiako hegoaldea eta Levante aldea gogor astinduko dituen borraska bat dabilela jira eta buelta eta haren mugimendua, kokapena erabakigarria izango dela gurean elurra egingo duen edo ez jakiteko. Borraska horri jarri dioten izenak ere artikulu baterako emango luke… Filomena izena jarri diote. Hala tokatzen omen zen, zerrendan.

Asteazken eguerdiko prebisioen arabera, ostiral iluntze eta larunbat egun osorako txoko guztietan espero zen elurteak indarra galdu du, prezipitazio faltagatik. Filomena espero baino ekialderago joango da, eta horrek prezipitazioa gutxiago ekarriko omen du gurera. 24 ordu lehenago, ordea, aurreikuspenek elur gehiago markatzen zuten gurean, beraz litekeena da 24 ordutan aldaketak egotea, Filomena borraskak nora joan erabaki arte.

Egoera hau 2018ko otsaileko azken egunean gertatu zenaren antzekoa da. Orduan ere Europako haize masa hotzak egun batzuk Euskal Herrian pasatzea erabaki zuen, eta hegotik borraska euritsu eta hezea etorri zen. Masa hotzarekin talka egitean sekulako elurtea bota zuen, 20 bat zentimetro. Hori bai, eguerdirako dena jan zuen, tenperaturak igotzearekin bat. Orain, punturik kritikoena, larunbata dirudi. Egun osoz. AEMET Espainiako meteorologia agentziak 0 eta 4 gradu artean markatzen du eskualdean, eta elur prezipitazioa egiteko arriskua %80koa. 72 orduko epea arrazoizko epea da meteorologian, baina %50-60ko fidagarritasuna ematen duena, ez gehiago. Igande eta astelehenean samurtzera eginen luke, itxuraz, eta hurrengo astean eguzkiaz gozatzeko aukera izan genezake. Hori bai, joango ez dena hotza izango da, batez ere gau eta goizeko lehen orduetan.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!