Kirola ezinbesteko jardueratzat jotzeko manifestazioak egingo dira EAEko hiriburuetan

Mikel Arberas 2021ko urt. 7a, 11:26

Bultza Kirola plataformak EAEko hiriburuetako kale-agerraldietan parte hartzeko deialdia zabaldu du. Donostian, Boulevard-etik hasiko da manifestazioa larunbatean, eguerdiko 12:00tan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, kirola ezinbesteko jardueratzat hartzea aldarrikatu nahi dute. EAEn, Eskola kiroltzat jotzen da fitxa federatiborik ez duten 6 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteen kirol erregulatua.

Honako manifestu hau helarazi du Bultza Kirola plataformak:

Behean sinatzen dugun klub eta elkarteok ez dugu ulertzen Eusko Jaurlaritzak hartu duen erabakia, non bertan behera utzi dituen kirol ekintzak eskola mailan eta federatu mailan.

COVID-ak kirol jardueretan orain arte izan duen kutsatze-maila %0,28 eta %0,30 bitartean dago. Beste arlo batzuetan kutsatze-maila altuagoa izan da eta arlo horiek martxan daude. Aurtengo denboraldian, berau prestatzea eta martxan jartzea sortu digun lan gehigarri guztia, 3 edo 4 aldiz biderkatu da lan hori, dokumentazioa, ikastaroak... Ematen du hau guztia Eusko Jaurlaritzak ez duela kontuan izan.

Pandemia hasi zenetik umeek eskola galdu zuten, gero uda partean udalekurik ez, kirol jarduerarik ez, kultur jarduerarik ez... Iraila heldu zen eta umeak, gazteak eskola eta ikastoletara bueltatu dira baina bien bitartean eskola kirola bazterrean utzi dute Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiek. Prebentzio neurri gisa debekatuta dago eskola kirolean eta federatuan entrenatzea ere! Ulergaitza egiten zaigu harturiko neurri hau, azken batean, klubek, elkarteek,... protokolo zehatz bati aurre egin behar diogu edozein gauza egin nahi dugunean. Ibilbideak, seinalizazioa, aforoak, desinfekzioa, tenperatura hartu, erantzukizuna hartu finean. Eta erantzukizuna hartzeko prest egon arren ez digute uzten gure eskola-adina eta federatuak diren kirolariak entrenatzen.

Eskola kirolaren eta federatuaren jardunean aurrera ez egiteak ekarriko du klub eta elkarteak hustutzea, jendeak ez jarraitzea eta azken batean kirolarengandik aldentzea eta beste jarduera indibidual eta asozialagoetara jotzea, jarduera ez osasuntsuak garatzea, eta horrela ez bada, kalean egongo dira, elkarrekin, akaso distantziak gorde barik, akaso maskara barik, inork desinfektatzen ez dituen zabu, txirrista... eta seguruenik haien aisia pasatzeko alternatiba barik.

Orain arte kirola egitera joan direnean era ordenatuan, momentuaren beharretara egokituz, protokoloak zainduz, arduraz jokatuko dugu kirol elkarteetan eta horren ordainean, zer? Administrazioek errazena egin dute berriro ere, jakin gabe horrek zer nolako ondorioak izan ditzakeen.

Honexegatik behean sinatzen dugunok eskatzen dugu kirol jarduerari ekitea eta aldi berean berresten dugu hartu beharreko neurriak hartuko ditugula kirol jarduera, orain arte bezala, jarduera segurua izan dadin. Kirolari bai!!!!

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!