Eusko Jaurlaritzak Gabonen aurrean ezarritako Dekretuak betebehar batzuk ezartzen zituen, nagusiki mugikortasunari eta gaueko ordutegiei dagokionez. Neurri horiek betearazteko kontrolak egin zituzten Ertzaintzak eta tokian tokiko Udaltzaingoak. Abenduaren 31tik urtarrilaren 3ra 1.424 isun bideratu ziren, guztira. Horietako gehienak, 667, "mugikortasunean ezarritako mugak urratzeagatik edo gehienez sei pertsonako taldetan elkartzeko murrizketa ez betetzeagatik" jarri zituztela adierazi du Eusko Jaurlaritzak. Eta horietatik "442 isun, zehazki, gaueko ordutegian zirkulatzeko arauak ez errespetatzeagatik".
Maskara ez janzteagatik edo behar bezala ez erabiltzeagatik, berriz, guztira 303 isun bideratu zituzten. Kalean alkohola kontsumitzeagatik jarritako isunen kopurua 156ra iritsi zen. Ostalaritzan eta jatetxeetan aforoei buruz ezarritako araudia ez betetzeagatik beste 142 isun jarri zituzten. Kalean pertsonen artean bi metroko tartea utzi gabe erretzea eta ostalaritzari dagokon ordutegia ez betetzea izan ziren isuna jartzeko beste arrazoietakoak.