Eremu gorrian daude Andoain eta Amasa-Villabonan eta Tolosa eremu gorriaren ertzean dago, ia 500eko intzidentziarekin. Asteburuan datuak hobetzen ez badira, Tolosan ere itxiera perimetrala ezarri daiteke.
Villabonako ostalariek atera duten oharrean nekea aipatu dute: “Villabonan gune gorrian gaude, eta neurria betikoa izan da: ostalaritza ixtea. Ezin dugu gehiago. Baina ez hori bakarrik, irekitzeko aukera ematen digutenean izaten ditugun baldintzak oso nekagarriak dira”. Tolosako eta Andoaingo ostalariekin batera indar egitea erabaki dute: “Indarrak batzea erabaki dugu erakundeek entzun gaitzaten hurrengo bileretan eragile aktibo izan gaitezen, gure lanpostuen alde borroka dezagun, eta lan egiten uzten ez badigute, kalte-ordain duinak eman ditzatela, eta ez limosnak. Eta jakina, diru-sarrerak sortzen uzten ez badigute tasak, zergak, gizarte-aseguruak eta beste gastu finko batzuk gutxienez ez kobratzea”.