GuraSOS-ek giza katea deitu du urtarrilaren 23rako Donostian

GuraSOS 2021ko urt. 18a, 10:30

'Osasuna, ingurumena, justizia' lelopean egingo da giza katea urtarrilaren 23an, 12:00etan. Eusko Jaurlaritzak Andia kalean duen Gipuzkoako Ordezkaritza eta Kalkutako Teresa Plaza batuko ditu. Diputazio Jauregitik (Gipuzkoa plaza) eta sorospen zentrotik (Bengoetxea kalea) igaroko da.

Instituzioek segurtasunarekiko, osasunarekiko eta ingurumenarekiko duten mespretxua salatu nahi du mobilizazioak eta eskari hau sinbolizatzen dute lau puntuek. Era berean justiziak dagokion legezkotasun-kontrola egin dezan eskatu nahi da.

Mobilizazioa errauskailuan izan berri diren eta instituzioek ezkutatu dituzten hiru suteren berriarekin batera dator eta baita ere GuraSOSek errauskailua geldiarazteko EAEko Auzitegi Nagusian berehala aurkeztuko duen eskaerarekin batera ere.

Era berean, GHK-k egindako ohartarazpen onartezina salatzeko ere balioko du; izan ere, herritarren salaketengatik lege-ekintzak abiarazteko ohartarazpena egin zuen, eta ohartarazpen hori bateraezina da ingurumenaren defentsarako nazioarteko eskubidea askatasunez egikaritzearekin.

Covid neurriak eta lankidetza-eskaera
Antolaketak ahalegin berezia egingo du pilaketak saihesteko, eta horretarako honako neurri hauek hartu dituzte, horietako batzuk berritzaileak.

Ez da azken ekitaldirik izango, ez behintzat ohiko moduan. Azken ekitaldian jendetza bildu ez dadin, antolatzaileek streaming bidez (zuzeneko emisioa) emango dute ekitaldiaren amaiera (azken adierazpena eta ekitaldiaren itxiera), eta parte-hartzaileek telefono mugikorretatik jarraituko dute, dauden katearen tokian. Esteka gurasos.org webgunean egongo da eskuragarri. Itxiera ekitaldia 12:15ean izango da.

Bestalde, antolatzaileek maskara gorriak banatuko dizkiete parte-hartzaileei, GuraSOSen logoa simulatuz. Logoan maskara hori agertzen da, kutsadurak eragindako arriskuaren ikur gisa.

Katean bizikidetza-unitateak bakarrik egon ahal izango dira elkarrekin. Gainerakoak eta bizikidetza-unitateak elkarrengandik hiru metrora egongo dira, eta, horrela, kontakturik gabeko kate bat osatuko dute. GuraSOSeko 20 bolondres arduratuko dira katea antolatzeaz eta dagozkion jarraibideak emateaz. Hori bai, komunikabideen laguntza eskatzen da jarraibide horiek zabaltzen laguntzeko eta deialdian parte hartzen duten pertsonei antolaketaren jarraibideak betetzen laguntzeko.

Azkenik, jendea pilatu ez dadin, antolakuntzak lau zatitan banatu du ibilbidea, eta dei egin die gipuzkoarrei dagokien tartera joan daitezen, eskualdeka edo herrika egin den esleipen honen arabera, hamar minutu lehenago.

1. zatia.- Andia-Diputazioa: Urola Kosta Debabarrena.
2. zatia.- Diputazioa-Okendo/Askatasunaren hiribidea 5 (Bankoa) Debagoiena-Goierri-Tolosaldea.
3. zatia.- Askatasunaren hiribidea, 5. zk., Santa Katalina zubia: Donostialdea.
4. zatia.- Urumea- Kalkuta plaza: Oarsoaldea-Bidasoa-Buruntzaldea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!