EkonoVID

"Aurtengo Aste Santua oso beltz ikusten dugu"

Sara Medrano 2021ko urt. 22a, 07:36

Garbiñe Martija Noaoa Bidaiak bidaia-agentziako kidea da.Koronabirusak beren jardueran izan duen eragina azaldu du, elkarrizketan.

Zuen sektorea, dudarik gabe, ari da bereziki pandemiaren eragina nozitzen. Zer moduz zaudete?

Gehienok bezala, martxoan itxi genuenean, ez genuen espero hau dena gerta zitekeenik. Ekonomikoki oso gogorra izan da. Ez dugu egoerari bultzada txiki bat emateko aukerarik izan. Zuzen-zuzenean eragin digu honek eta ez dugu inolako salmentarik eduki; beraz, irabaziak baino galera gehiago izan ditugu. Askori laguntzak edota aukerak eman zaizkie, ez hainbeste, ordea, gure sektoreari. Gurekin ahaztu direnaren  sentsazioa dugu.

Zein da zuen kezkarik handiena?

Ezjakintasuna. Ez da bidaiak ezin ditugula saldu, baizik eta egoerak ez duela uzten jendeak bidaiak erosten. Gainera mugikortasuna hain murriztuta egonik, hemen inguruan ere ezin dira bidaia asko egin. 

2020a ez da oso erraza izan.

Egia esanda, ez. Baina guri gauzak baloratzeko balio izan digu pandemia honek. Batetik, bezeroek guregan izan duten konfiantza azpimarratu nahiko nuke, guri bultzada txiki bat emateko balio izan baitigu. Bestetik, bidaia bat hartzeko eman behar diren pausuak edota tramiteak ondo egiteak zer nolako garrantzia duen jabetu gara. Bezeroek gure lana asko baloratu dute momentu hauetan. 

Noaoa Bidaia Agentziak gertutasun hori eman dezake, internetek eman ezin duena. Jendeak hori baloratzen duela uste duzu?

Baietz esango nizuke. Azkenean bidaia bat ez da hiru klik eginez erosten den zerbait, hori baino zerbait gehiago da. Horren atzetik hainbat gauza kudeatu behar izaten dira; adibidez, bidaia-aseguruak, hegaldietako txartelak, hotelak, etab. Ordu luzeko lana dago atzean, eta, esan bezala, bezeroak asko baloratu duen gauza bat izan da hori. 

Gainera, geroz eta neurri edota baldintza zorrotzagoak ezarri dituzte; PCR proba eginda edukitzea, esaterako. Eta jendea erosotasun eta segurtasun bila bidaia-agentziara hurbilduko dela iruditzen zait. 

Aste Santura eta udarara begira zer nolako aurreikuspena duzue?

Aurtengo Aste Santua oso beltza ikusten dut. Baina ziurrenik inguruan mugitzeko aukera eduki dezakegu; Kantabria eta Asturias aldera, esaterako. Eta udara begira, aldiz, pasa dena baino hobea izatea espero dugu behintzat; esperantza horrekin gaude. Jendea txertoa jartzen ari da eta hori aurrerapauso bat dela dirudi. Horrez gain, bidaiekin lotu ohi izan dugu normalean uda  eta jendea bidaiatzeko izugarrizko gogoarekin dagoela antzematen dugu. Beraz, pentsatu nahi dugu datorren urte honetara begira aldaketa bat egongo dela.

Pandemia honek, jendearen ohitura aldaketak ekarri ditzakeela uste duzu? 

Hasiera batean, urrutira joaten hasi baino lehen, gertuen ditugun herrialdeetara joateko hautua egingo dugula iruditzen zait. Europako herrialdeetara bidaiak, esate baterako. Agentzia gisa, eztei bidaietan eta talde bidaietan gaude espezializatua eta horrek berdin jarraituko duela pentsatzen dut, gauzak normalizatzen hasten direnean. 

Etorkizunera begira zein asmo duzue?

Lehen aipatu bezala, pandemiak gauza txarrak ekartzeaz gain, gauza onak ere ekarri dizkigu. Itxialdian denbora asko izateak proiektu berri bat sortzeko aukera eman digu, Sunsetbastian izenekoa. 

Asko bidaiatu dugu eta hamaika lekutan ilunabarrak ikusteko aukera eduki dugu. Gure inguruko txokoetan ilunabarrak ikusteko aitzakiarekin zenbait piknik sortu ditugu, momentu hori modu berezian disfrutatu ahal izateko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!