Tolosaldea Garatzen garapen agentziak marka eta webgune berria aurkeztu ditu

Aiurri 2021ko urt. 21a, 16:04

Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria marka eta webgune berriaren aurkezpen ekitaldian.

Inguruko eragileengana gerturatzea du helburu Tolosaldea Garatzenek marka eta wegune berriarekin batera.

Lehiberri zentroan kokatzen den Tolosaldea Garatzen garapen agentziak marka eta webgune berria aurkeztu ditu eguerdian. 25 urte baino gehiagoko ibilbidea du garapen agentziak. Aurkezpenean diseinu berriaz gain, datozen urteetarako erronka nagusiak zeintzuk diren azaldu dituzte, esaterako, kalitatezko enplegua sortzea, ekonomia zirkularraren eredua sustatzea, enpresetan 4.0 teknologia txertatzea, turismo bulego berria...

Iker Urruzola Zizurkilgo alkatea da Tolosaldea Garatzeneko lehendakaria eta azaldu duenez, "garapen agentziatik argi geneukan irudiak eraldaketa merezi zuela, gaurkotu egin behar zela, alegia; eta batez ere erreferentzialtasuna lortu behar dugula Tolosaldeako eskualdean". Eskualdeko ongizatea bermatzen jarraitu nahi dutela gehitu du: "Horretarako herritarrentzat, enpresentzat eta udalentzat baliagarriak diren baliabide asko kudeatzen ditugu gure egunerokotasunean, hala nola diru-laguntzak, proiektu berritzaileak, iraunkortasun politikak, lan eskaintzak, berrikuntza programak, formazio saioak eta abar luzea".

Garapen agentziako zazpi sailei ikusgarritasuna emate aldera, irudi berriaren egokitzapena izango du sail bakoitzak. Hauxek dira logo berriak:

Prozesu luzearen emaitza
2020ko martxoan abiatu zen analisi sakon bat du oinarrian marka berriak. Izan ere, irudiaren nondik norakoak definitzeko, herritar eta eragileek agentziarekiko duten pertzepzioa ezagutu nahi izan da.

76 pertsona elkarrizketatu dira, eta beste 120ren iritziak bildu posta elektronikoz: alkateak, udal teknikariak, ikastetxeak, kazetariak, enpresak, elkarteak, ostalariak...

Ondorioak argigarriak izan direla adierazi dute. Izan ere, garapen agentzia ezagutu arren, askok ez dute egiten den lana osotasunean ezagutzen, ezta zertarako den jakin ere. Are gehiago, gai edo zerbitzu konkreturen batekin lotu izan dute gehienek.

Hori dela eta, garapen agentziako zazpi sailei ikusgarritasuna emango zaie, bakoitzak bere azpimarka izanda. Enplegua, Enpresak, Turismoa, Udalak, Ekintzailetza, Aniztasuna eta Kontsumo Bulegoa. “Lortu nahi duguna da, jendeak gure lan arloak ondo identifikatzea eta bakoitzaren atzean entitate oso bat dagoela bistaratzea”, gehitu du Urruzolak.

Euskarri digitalak oinarri
Marka berriarekin, oro har, komunikazioa indartuko du aurrerantzean Tolosaldea Garatzenek, baina bereziki alor digitala hauspotuz. Web-orria izango da erreferentzia puntu nagusi: www.tolosaldeagaratzen.eus. Guztiz itxuraldatu da, informazioa modu antolatuagoan eta sakonago eman ahal izateko, eta gailu guztietara egokitzeko.

Funtzionaltasun gehiago ere izango ditu. Beste askoren artean, lan-eskaintzak eta lan-poltsak argitaratuko dira, CV-ak uzteko aukera emango du, eskualdeko enpresen proiektuen berri emango da, Lehiberri Zentroko aretoak alokatu ahal izango dira, edo kontsumo alorreko zalantzak argitzen lagunduko da.

Datozen asteotan amaituko da eduki guztiaren eguneratze prozesua; hortaz, lehen egunotan baliteke zenbait orrialde oraindik erabilgarri ez izatea. Bestalde, sare sozialetako profilak bateratu eta txukunduko dira, horietan presentzia areagotzeko helburuarekin. 

Tolosako Chroma Estudioa arduratu da marka berriaren, nahiz web orri berriaren garapenaz.

Aurkezpen ekitaldiko bideoa osorik ikusgai:

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!