"Jo ta ke lanean hasi arte"

Aiurri 2021ko urt. 23a, 15:07

Argi eta ozen adierazi dute ostalariek: "Jo ta ke lanean hasi arte". Lan egin nahi dutelako irten dira kalera protesta egitera, gogoraraziz "herriari bizitza emateaz gain, lanpostuak sortzen ditugula". Merkatariei dei egin die beren protestekin bat egitera, tabernak itxita edukitzeak enpresa txiki guztiei eragiten dietela argudiatuta.

Trikitixa eta panderoen doinuez alaiturik abiatu da ostalarien aldeko manifestazioa Villabonako errebote plazatik 12:30ean. Kale Nagusitik barrena, Kale Berria eta Arroa auzoa zeharkatu ostean, Zizurkilera joan dira Sacem-go zubitik. Joxe Arregi plazara iristean, tabernako terrazetan zeudenen txalo zaparrada jaso dute manifestariek, eta berriro Villabonako Errebote plazara abiatu dira. Bidean banatzaileren bat edo beste ere batu zaizkie bozina joaz.

Errebote plazara iristean "Ostalaritza aurrera" lema oihukatu dute eta honako testua irakurri dute:

Aldez aurretik eskerrik beroenak zuen elkartasuna adieraztera gerturatu zareten guztiei. Eskerrik beroenak Zizurkil eta Villabonako ostalarien partetik.

Ia urtebete pandemia egoera honek guztiei jake egoeran jarri gintuztenetik. Ia bost hilabetez etxeratuak eta kaltetuak, ondoren murrizketak eta aforo jaitsierak. Nahikoa ez bada, polizia lana egiteaz gain, jazartuak eta kriminalizatuak besteetan; pandemiaren gestio txarra gure ardurapean utzi nahiean. 

Gaur azken bi itxialdien ondoren, beste hamabi egunez Villabonako ostalariek eremu gorriko itxiera bidegabekoak pairatzen ari gara. 27 positibo nahikoa dira gure lantokiak, gure bizitzak dardarka jartzeko. Ia urtebetez lepoan dugun soka gehiago estutzeko.

Agerraldia ostalaritzan dagoen ala ez alde batera utzita, ostalaritza ixten digute. Brotea industria arloan bada ostalaritza ixten digute, brotea udaletxean bada ostalaritza ixten digute, brotea aforoa kontrolatzea zaila diten komertzio handiago batean  bada ostalaritza ixten digute. Neurri bidegabeak eta onartezinak dira.

Gorbatadun enpresariak blindatzen ari dira, diruz beteriko maletatxodun enpresariak; baina gu buzodun ostalariak gara, lan orduez urratutako buzoak, ilusioz eta lan egiteko gogoz betetako poltsikoekin. Ostalaritza gure bizitza delako, gure bizimodua delako eta dirua baino gehiago, gure negozioek bizitza ematen digutelako, eta ixten bagaituzte bizitza kentzen digutelako.

Hipotekak, errentak, zergak, negozioak neurri berrietara egokitzeko inbertsioak, argiaren azken igoera... Ixten bagaituzte nola egin aurre guzti horri? 

Gure lanpostuak prekarioak izatea besterik ez dute lortu: lanpostuen galtzea, kaleetako isiltasuna... Herriak hutsik geratzen dira eta ondorioz, urteetan sufritzen ari diren saltoki txikiek persianak jaistea lortu dute. Familia askoren miseria, negozioen alde horrenbeste borrokatu duten bizilagunen sufrimendua.

Hondamendia izan da askorentzat Eusko Jaurlaritzaren laguntza txalotuak jaso ez izana. Ostalaritzak %30a lan egitearen ondorioak jasango dituzten sektore denak.

Bat egitea eta kalean indarra egitera behartuak gaude, bai gaur eta egunero; harik eta Eusko Jaurlaritzak eta erakundeek benetako irtenbideak eskaintzen hasten diren arte.

Azkenik dei egin nahi diegu gure merkatariei, gero eta babes handiagoa behar baitugu neurri guzti horien aurka borrokatzeko. Itxiera perimetralak gogor eragiten dien komertzioei, egunero bezeroak galtzen ari direnei. Neurri horiek ez digute ostalariei bakarrik eragiten, enpresa txiki guztiei eragiten diete, autonomoei, gure langileei... Herriari bizitza emateaz gain, lanpostuak sortzen ditugulako.

Gaur inoiz baino gehiago ostalaritza, merkataritza, zerbitzuak eta mundu guztiak bat egin behar dugu denok batera. Borroka da bide bakarra. Elkarlana da bide bakarra.

Ostalaritza aurrera! Jo ta ke lanean hasi arte!

Amaiera emateko, bertsoa bota du Iñaki Otaegi billabonatarrak. Honela dio:

Ostalaritzan jarria dute
Covid-a jaisteko giltza,
langileentzat agintaritzan
bezain erreza balitza.
Bertako diru-sarreren menpe
dago hamaika bizitza,
beteagatik aforoena
ta beste hainbat baldintza
itxi bidetik dabiltza
zeinek esan du beharrezkoa
ez dela ostalaritza.

Lagun batekin geratu eta
kafetegira bisita
lagunartean mahai-inguruan
astebururoko zita.
Nahiz eta gauden halabeharrez
holako planak utzita
pandemiaren errudun joak
berdinak dira beti ta
daudenean irekita
ate aurrean egongo gera
musuko bana jantzita.

Zizurkilgo Atxulondo jatetxeko kideak mikrofonoa hartu eta ondorengo mezua zabaldu nahi izan du: "Ez diezagutela kendu garrantzitsuena: duintasuna. Ez ditugu laguntzak nahi, lan egin nahi dugu".

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!