“Jaiotzetik hil arte du gizakiak sexualitatea”

Alba Cabrera 2021ko ots. 8a, 08:40

Ander Lertxundi sexualitateaz zein erotikaz, nork bere buruarekin duen harremanaz eta kitzikapenaz aritu da elkarrizketan. Gorputzaz, azalaz, baina sakonetik.

Ume-umetatik hasten da gizakia bere burua arakatzen, ezta?

Bai, bi urte izan arte gutxi gorabehera gehiago izaten da ahoaren inguruan, alegia, guztia eramaten dute ahora. Jarraian, adinean apur bat aurrera egin ahala, beren genitalak deskubritzen hasten dira, eta “kili-kili” egiten diotela jabetu. Haur hezkuntzako nesken kasuan, adibidez, ohikoa da mahaiaren ertzaren kontra igurztea urduri daudenean. Hala, jarrera horiek arau sozialekin erreprimitu egiten dira, edo bideratu, ekintza ikusten duen kidearen arabera. 

Haurretatik masturbatzen gara. Baina genitalei ematen zaien esanahiak –zikina, nazkagarria– eragina dauka. Gizonezkook bestelako harremana dugu gure genitalekin. Egunean behin baino gehiagotan ikutzen eta ikusten dugu zakila, txitza egitean, adibidez. Egia da eragin handiena gizarteak gaiarekiko duen ikuspegiagatik dela, baina ezaugarri hori gehigarria litzateke. Marrazki bizidunek horixe bera elikatzen dute: bere zakilarekin etengabe jolasean dagoen umea da Sin Chan. Neska bat nekez ikusiko dugu, marrazki bizidunetan bada ere, bere aluarekin jolasean.

Zein jarrera izan behar dute gurasoek beren haurrak gorputzarekin jolasean daudela ikustean?

Gurasoen jarrerak eragin handia du horretan. Izan ere, umeen kasuan, sexualitatearekin gertatzen dena da gurasoekin dituzten elkarreragin txikiak direla gaiaren gainean dituzten azalpen bakarrak. Hau da, ez dute gurasoen jarrera beste erreferentzia batekin alderatzeko aukerarik “kendu eskua hortik” edo “zikina da hori” jarrerak matizatzeko. Guraso gisa askori lotsa ematen die edo gaizki iruditzen zaie. Haurrak neskak direnean bereziki ikusten ditudan jarrerak dira. Gurasoei esango nieke hiru urteko haur batek ulertzeko moduan esplikatzea arau sozialak daudela eta praktika jakin batzuk hainbat egoeratan –eremu publikoan, esaterako– ez direla memento egokia egiteko. Deuseztea baino, bideratzea da gakoa. 

Nerabezaroan hasten da, oro har, gizakia bere gorputza deskubritzen. Zein eragin du pornoak horretan? 

Bai, jakina, nork bere burua arakatzeko prozesua ez da inoiz eteten. Gaur egun, erreferente nagusia oso erraza da edonon aurkitzen: pornoa; mugikor batekin topa zenezake, ez duzu bilatu beharrik ere, nahigabe aurkitzen duzu ia. Ez dut pornoaren alde egin nahi, ez eta ondo dagoenik esan ere; akats handiak ditu eta ez da eredu. Hala ere, uste dut pornoaren helburua ez dela eredu izatea. Pornoa ez da erreferentea, ados; baina Hollywood-eko filmeak ere ez. Erakusten dugu ukabilkadak jotzea edota pistolarekin inor hiltzea ez dela bidea, baina ez dugu jarrera bera sexualitatea hizpide denean. Eredu egokia al da? Ez, baina guk egiten dugu pornoa eredu beste erreferenterik eman ezean. Eta pornoak daukan gauza on bat –aldi berean txarra dena– da berdin zaiola jendeak zer esaten duen, oro har. Jarrera matxistak, botere-harremanak eta beste hainbat eduki desegoki helarazten ditu; aldi berean, beste praktika batzuk txertatzen ditu gizartean, gizon heterosexualen uzkia gozatzea, esaterako. Arazoa daukagu pornoarekin? Bai, noski. Baina pornoa da arazoa? Nire kontraesanak ditut. 

Barrura begiratzeko ariketan ipintzen al du norbanakoa masturbazioak?

Masturbazioa, hein handi batean, autodeskubrimentua da, nahiz eta askotan kanpotik etorritako erreferentzietatik abiatzen garen. Masturbazioaren bidez ezagutzen duzu zer gustatzen zaizun zer ez, zure gorputzak zein muga dituen, zertan zauden eroso eta zertan ez. Esango nuke barrura begiratze hori gehiago ematen dela emakumeetan. Ordea, uste dut gizonetan mekanikoagoa dela edo gehiago bideratzen dela zuzenean orgasmora iristeko nahiarekin. 

Bigarren mailako praktika gisa ulertzen dute askok masturbazioa. 

Bai, jende askok bai. Gure bizi-eredu azkarra medio, ez da erraza denbora topatzen. “Nirekin bazaude ez masturbatu”, uste dute askok, nahiz eta beheranzko joera izan jarrera horrek. Esango nuke emakumeengan ikusten dela bikotea izanez gero masturbatzeko joeraren murrizketa. Nerabeek galdetzen digute maiz ea masturbatu zenezaken bikotea edukita. Jakina baietz, baina ematen du masturbazioa beste pertsona batekin dituzun sexu-harremanen ordezkoa edo osagarria dela. Are gehiago, uste hori dago “asko” masturbatzen den pertsona gutxiesteko jarrera horren atzean.

Sexualitatea behinolako afera dela begi bistakoa da, beraz. Alabaina, tabua izaten jarraitzen du. 

Erotikari ez zaio jaramonik egin. Hasteko, tabua dala esango nuke, nahiz eta gizarteak antzeztu ez dela. Hainbatetan, hedabideak gurekin jartzen dira harremanetan sexualitateaz hitz egiteko, baina morbotik, parrea eragiteko jarrera horretatik. Gizarte gisa uste dugu ez dela tabua gai garelako ahoz gora esaten “zakila”, “larrua jo” eta tankerako hitzak. Alabaina, azalean geratzen gara. 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 576. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!