Herriko sarrera eta irteera itxiko dira ostiraletik aurrera Bazkardoko A15eko biribilgunetik

Aiurri 2021ko ots. 4a, 11:11

Illarramendiko eremu berrira sartzeko biribilgune berriaren eraikuntzak eragingo du itxiera hau. Hala, trafikoa ostiralean, otsailak 5, etengo dute, eta otsailaren 21era arte iraungo du mozketak. Donostiatik N1 errepidetik sartu beharko da udalerrira, edo, A-15 errepidea aukeratuz gero, Urnieta paretik. Tolosatik N1 errepideko 445 irteeratik sartu beharko da.

Andoaingo Udalak honako ohar hau helarazi du:

Illarramendiko eremua exekutatu eta urbanizatzeko, A15/159 errepidean biribilgune bat egitea aurreikusten da. Biribilgune hori Ama Kandidaren zuzengunera sartu aurretik kokatuko da, N1 errepidera sartzeko adarraren ondo-ondoan eta Bazkardon A15 errepidearen gainean dagoen biribilgunetik gertu.

Auto eta ibilgailu astunen trafiko-dentsitate handiko lotunea da hau, hain zuen. Hori horrela, Bazkardoko Andoaingo sarrera eta irteera erabat ixtea erabaki da, segurtasun osoa bermatu ahal izateko, bai langileena, bai A15 eta N1 errepideen erabiltzaileen kasuan. Era berean, mozketak, eragina izango du obren beren garapenean ere, nabarmen murriztuko baitira lanon iraupena eta, horren ondorioz, andoaindarrengan duten eragina.

Mozketa otsailaren 5etik 21era egingo da, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren koordinaziopean eta oniritziarekin egin da.

Alternatiba gisa, udalerrirako sarrerak Donostiatik N1 errepidetik egin ahal izango dira, bai udalerriaren erdialderako irteeratik (447), bai Sorabillako irteeratik (446). Donostiatik A15 errepidetik sartuz gero, Urnieta parean irten beharko da (162 irteeran), eta puntu horretatik Andoainera sartu. Aldiz, Tolosatik N1 errepidetik sartu nahi izanez gero, 445 irteera hartuz sartu beharko da udalerrira.

Ama Kandida industrialdeko enpresetan (Thyssen, Orbelan, Plastigaur, Denac industrialdea, Gaztañaga sagardotegia) zamalanak egin behar dituzten kamioiei dagokienez, Urnietarako irteeran sartu beharko dira A15 errepidetik.

Azkenik, udalerriko barne-zirkulazioa eta Lurraldebuseko (Garayar) autobusen mugikortasuna errazteko, biribilgune txiki bat jarriko da Ama Kandidaren bidegurutzean, Rikardo Arregirantz.

Andoaingo Udalak pazientzia izateko eta erantzukizunez jokatzeko eskatzen die erabiltzaileei, obra egin bitartean sor daitezkeen arazo edo gorabeheren aurrean.

Galdera nagusiei erantzuna

SAPA, Calonge. Nola iritsi hara?
Sapa edo Alejandro Calonge auzora joan ahal izateko, herrigunetik Aranaztegiko biribilguneraino (gasolindegiko biribilgunea), Ama Kandida edo Erroitz kaletik joan beharko da eta bertan A15 errepidea hartu Andoainera iristeko. N1etik etortzen direnentzat, A15tetik Urnieta bidea hartu beharko dute eta Aranaztegiko irteera(160) hartu bertan norabidea aldatu eta Andoainera bueltatzeko. Ez da zertan joan beharrik Oriaraino.

Bus zerbitzuen kasuetan zer?
Bus zerbitzuaren kasuan, Lurraldebus (Garayar) afektatua izango da baino, Bazkardoko bidegurutzean, garai batean bezala, Rikardo Arregi kalera zuzenean igotzea eta jeistea (Urnietako norabidean) ahalbidetuko da, biribilgune txiki bat moldatuko da bertan.

Herrigunetik asko handituko da trafikoa, alternatiba? Urnietara joatea eta ez hainbeste Erroitz kaletik gora?
Lehen aipatu dizudan bezala, Urnietako norabidea hartu beharko da bai Ama Kandidatik nola Erroitz kaletik.

Ama Kandidan aukera egongo da etorbidean goazela zuzenean ikastola aldera igotzea? Lehen horrela egiten zen eta orain biribilgunera joan behar da.

Bai, horretarako ahalbidetuko da biribilgune txiki Ama Kandidatik Rikardo Arregi kalera igotzeko eta baita Rikardo Arregitik Ama Kandida kaleruntz jeisteko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!