Gipuzkoako Foru Aldundia jarraipen zehatza egiten ari da sagardo ekoizleek dituzten gabezien inguruan, eta ahal duen laguntza handiena ematen, “hori agian nahikoa ez dela izango jakitun”. Txotx garaian ohiko moduan gozatzeko komeriak izango direnez, sagardoa kontsumitzen jarraitzeko deia egiten du, modu batean edo bestean izan, “horrela ekoizleak berak lagunduko baititugu”.
Pandemiak bizi-bizi kolpatu du 2021eko txotx garaia. Iaz denboraldi erdia edo libratu zen, aurten hori ere ez. Zer panorama ikusten duzue Aldunditik?
Panorama beltza, zoritxarrez. Txertoaren hedatzeak kutsatzeak gutxiko ote dituen esperantzak baditugu, bagenituen, baina dena atzeratzen ari da, eta aurtengo denboraldia nahiko beltz ikusten dugu. Eskertu, estimatu eta aitortzekoa da sagardo elkarteak eta sektoreko beste aktoreak txotx denboraldia sagardo denboraldi bihurtzeko egiten ari diren ahalegina, beste formatu batzuk lantzeko, baina ez da erraza, sagardotegietako txotx garaia oso errotuta dagoen tradizioa baita, gurean.
Zer suposa dezake sektorearentzat txotx garaia bertan behera geratzea?
Berez, negozioaren osotasunean, txotx garaiak %5a suposatzen du, zenbaki soilak aztertuz. Baina txotx garaia portzentaje hori baino askoz gehiago da. Txotx garaia da autobusak, tabernak, kontsumoa… Hortxe dago erronka, panorama beltz hori murriztea.
Ekoizleek zer egin, nola jokatu jakiteko ere komeriak… Zer egin, baina?
Erantzun zehatza edukiko banu, emango nizuke. Sagardoa kontsumitzeko hiru bide daude: txotx garaia, taberna edo elkarte gastronomikoetan, eta norberak bere etxean. Lehen biak erabat murriztuak ditugu une hauetan, eta etxean kontsumitu beste aukerarik ez dago. Sagardoak eta txotxak zerbait badute, lagunarteko giro hori da, eta hori gabe… Supermerkatu eta dendetako salmentak handitu egin dira, egia da, baina hazkuntza horrek ez du inola ere txotx garaiaren hutsuneak ekarriko duen zuloa konpentsatuko. Txakolinarekin bestela gertatzen zaigu, gehiago esportatzen da, baina sagardoak oso kontsumo lokala dauka. Negozioa dibertsifikatzea aukera bat izango litzateke, baina hori lortzea ere erraza ez. Oso sagardo gutxi kontsumitzen da Euskal Herritik kanpo.
Orain bi aste jakinarazi zituzten elkarte eta erakundeek segurtasun protokoloak, nola izango zen denboraldia, zer neurrirekin eta beste, baina orain dena pikutara joan da…
Bai. Eta ezin jakin egoerak noiz hartuko duen buelta. Ez etsitzeko animoa ikusten dut elkarteetan, indartsu sumatzen ditut eduki ditudan kontaktuak aintzat hartuz. Erakundeoi dagokigunez, ekoizpenari begiratzen diogu batez ere, salmenta eta merkaturatzea Jaurlaritzaren eskumena delako. Iazko salmenta beherakada konpentsatzen saiatu ginen, deialdi bat egin, sei edo zazpi azpi sektoreri zuzendua. Aurtengo denboraldia bukatutakoan analisia egin beharko da, ea laguntza partida berri bat arautu behar den edo ez. Baiezkoan gaude, eta hala bada, partida hori egiteko gaitasunik ba ote dugun aztertu beharko da, ze horrelakoetan, kaltea jasan dutenei laguntzeko dirua beste nonbaitetik atera edo kendu behar izaten da, eta laguntza beharra sektore askora hedatu du pandemia gaizto honek.
Pandemia iritsi aurretik sagarrondoak landatzeko, ‘Euskal Sagardoa’ ekoizteko ekimena jarri zenuten abian.
Bai, Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean. Euskal Jatorri Izendapenaren aldeko apustua egin zen, bertako sagarrarekin ekoiztutako sagardoa. Bertako sagarra erabiltzeko babesa betidanik egon da, 60.000 euro artekoa hasieran, baina gero 300.000 eurora bitarte handitu genuen laguntza partida hori. Baldintza bakarra zen laguntza horiek jasotzen zituenak euskal jatorri izendapeneko sagardoa ekoiztea. Azken urteetan gorantz ari da bertako sagarrekin ekoitzitako sagardo kopurua, eta gure helburua Gipuzkoan ekoizten den sagardo guztia bertako sagarrondoek emandako sagarrekin lortzea litzateke. Ez da erraza, sagarrondoek hiruzpalau urte behar baitituzte fruitua ematen hasteko, eta legegintzaldi honetan zaila izango da helburu horretara iristea. Diru-laguntzak badaude, lurra ere behar da sagarrondoak landatzeko. Gipuzkoako kasuan 750 bat hektarea, hain zuzen ere.
Ekoizleen larruan jarriko bazina, zer esango zenieke?
Ez daukadala errezeta magikorik egoera hau konpontzeko, gauzak garbi. Guk egin dezakeguna zera da, elkarteekin hitzarmenak adostu, diru-laguntzak handitu. Aurten ere krisi hau konpontzeko plangintza bat egiten saiatuko gara, ahal badugu. Eusko Jaurlaritzak merkaturatzean eragin nahi du, baina dena itxita baldin badago ez da erraza.
Galeren inguruko kalkulurik egitea posible al da? Egin zen iaz?
Ez. Balantzea oraintsu egiten hasiko gara, iazkoa. Pasa den denboraldiko diru-laguntzen ordainketak ere Gabonetan, urtarrila hasieran egin dira. Orain balantzea egin beharko dugu, eta balantze horren baitan, aurtengo zenbakiei begira halako aurreikuspen bat osatu.
Ekoizle askok eskatu al zuten laguntza, pasa den denboraldian?
51 ekoizlek, eta 230.000 euro banatu ziren guztira, 4.500 bat euro bakoitzarentzat, batez beste. Batzuk gehiago jasoko zuten, beste batzuk gutxiago… Eskatu zuten guztiei eman zaie laguntza. Ez ditu arazo guztiak konponduko, noski, baina keinu bat bada, behintzat. Gehitu horri sagarrondoak landatzeko deialdia, 300.000 euro urteko. 2020an 17 ekoizleek eman zuten izena, eta eskari guztiei erantzuteko 368.000 euroraino igo genuen partida. Milioi erdi pasa bideratu zen pasa den denboraldian, eta horri esker hainbaten arazoak samurtu badira, gu pozik.
Bidean, norbait krisiari buelta eman ezinik geratzeko arriskuan sumatu duzue?
Ezetz esango nuke, edo horren esperantza daukat, behintzat. Uda aldera egoera konpondu eta ondoren bide bazterrean inor ez geratzeko ahaleginak egingo ditugu.
Ez ote zaigu ahaztuko, bezeroei, sagardotegietarako bidea, ohitura?
Ezetz espero dut. Eskualde batzuetan oso errotuta dago sagardotegietako tradizioa, Urnieta-Hernani-Astigarraga aldean ondo dakizue hori. Egoera larri honek sagardoa sustatu edo kontsumitzeko beste bide batzuk jorratzea ekarri beharko luke. Esan nahi dut, garagardoa zerbitzatzen den bezala zerbitzatzea sagardoa, sagardoaren barianteak sortu, gozoagoak… Beste formatu batzuk bilatu behar dira, bezero berriak erakartzen saiatu, bidean itotzen ez bagara. Elkarteak buru-belarri ari dira beste formatu batzuk bilatzen, baina txotx garaia oso errotua dago.
Jendea txarrotik edatera ohitu zen iaz, eta txotx garaitik kanpo sagardotegira joaten ere bai. Joera soila, edo tradizio aldaketa?
Sagardotekak ere sortzen ari dira pixkanaka. Akaso arrotzak egiten zaizkigu hasieran, baina txotx-a ezagutu ez duten belaunaldi gazteak igual murgilduko dira kontsumo bide berrietan. Aditu bati entzun nion, sor marka baten bilakaera naturala zela. Aurrena etiketa generikoa sortzea, Arabar Errioxako ardoa, adibidez. Urteak aurrera egin ahala, ordea, Arabar Errioxako ardo jakin bat eskatzen duzu. Ba bide hori sagardo munduan oraindik egiteko dagoela esango nuke. Sagardoa eskatu beharrean, ba ekoizle jakin baten sagardoa eskatu. Tabernetan, elkarteetan, marka bat edo beste eskaintzen dute, eta zuk aukeratu. Etxean kontsumitzen duenak ere berak aukeratzen du sagardo marka. Etxeko hautu hori etxetik kanpora hedatzea lagungarria litzateke.
Berriro txotx garaia bueltatzen denerako, bueltatzen bada. Segurtasun protokoloen berri eman zuen elkarteak, hor zer esan gutxi, ezta?
Ezer ez. Hor segurtasun dekretuak daude, eta txarrotik edatea, edo bakoitzak bere plateretik jan behar duela erabaki bada, araua bete, ezin dugu bestelakorik aholkatu. Denok harrapatu gaitu pandemia honek ezustean, esaten digutena bete behar dugu.
Ze eskatuko zenioke 2021erako, eskatzeko aukera izango bazenu?
Sagardoa ez da gaitza erradikatuko duen txertoa, baina bai bizi poza emango digun osagaia. Sagardoa txispa, txinparta da, ilusioa, lagunartea, ondo pasatzeko gogoa. Jendarteak txertoa adina edo gehiago behar ditu balio horiek, eta behar dituela zabaldu behar da ahalik eta gehien. Txotx-a ezin dugu egin, momentuz, ados, baina sagardoa kontsumitu dezakegu, beraz ireki sagardo botila lasai! Sagardoa kontsumituz sektorea ere lagunduko dugu. Beraz, edan lasai!