Zubiak elkartu ditu Villabonako eta Zizurkilgo ostalariak

Itxiera perimetrala dela eta, ezin izan zuten bi herrietako ostalariek elkarrekin burutu manifestazioa, hala ere, batera eman zioten amaiera bi herriak elkartzen dituen zubian. Bi herrietako kaleetan, ostalaritzaren aldeko mezuak irakur daitezke.

Villabonan manifestazio zaratatsua Errebote plazatik abiatu zen atzo, otsailak 5, 19:30ean 'Ostalaritza aurrera' lemapean. Ohiko ibilbidea egin zuten: Kale Nagusitik Kale Berrira, handik Arroara eta Errebote plazan amaitu beharrean, Apatx tabernaren ondoko zubira joan ziren. Bertan zituzten zain Zizurkilgo ostalariak eta herritarrak.

Bi ertzain zeuden zubiaren sarreran, eta manifestazioaren berri jakitean aldendu eta martxarekin jarraitzen utzi zuten. "Gora Villabona" oihukatu zuten zizurkildarrek eta "Gora Zizurkil" billabonatarrek. Batzuk zubian eta beste batzuk ibaiaren bueltan, argiak piztuz edota bengala txikiekin adierazi zieten elkartasuna elkarri.

Amaieran, Villabonako nahiz Zizurkilgo tabernen izenak aipatu zituzten, baita bi udaletxeak ere, ostalariei emandako babesagatik.

Ostalaritzaren aldeko mezuak
Villabonako nahiz Zizurkilgo kaleetan ostalaritzaren aldeko kartel ezberdinak irakur daitezke, esaterako, 'Sos ostalaritza! Ez gara errudunak. Hau jasanezina da'; 'Limosnarik ez, erreskatea ya! edota 'Zuen babesa behar dugu'.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!