Tokian tokiko albisteak sare sozial ezberdinetan

Mikel Arberas eta Alba Cabrera Jauregi 2021ko ots. 13a, 08:00

Ezin uka daiteke sare sozialek hartu duten garrantzia azken urteetan. Informatzeko ez ezik, pertsonen arteko elkarregina elikatzen duten tresnak dira. Aiurrik ere apustua egin du informazioa helarazteko euskarri horien alde, alegia, astekaria alde batera utzi gabe.

Aiurrik parte hartze aktiboa du sare sozial ezberdinetan, adin segmetu askora irisiz horrela.

Instagram

Argazkiak oinarri, eskualdeko  gertaeren berri ematen du. Hala, nabarmenki egin du gora Aiurriren Instagrameko kontuan erabiltzaileengan izan duen eraginak. Azken hilabeteko datuei erreparatuz gero, 2.587 pertsonek jaso dute Aiurriren edukiren bat edo beste aipatutako sare sozialaren bidez, kontuan hartuta 1.672 jarraitzaile dituela @aiurriklik kontuak. Gainera, hilabetetik hilabetera, gora egin du joera horrek: oraingoan, esaterako, pasa den hilabetean baino % 7,7 gehiagori iritsi zaio hedabidearen edukia. Hori dela eta, ia 80.000 aldiz ikusi dira Aiurrik Instagram bidez azken lau astetan egindako argitalpenak.

Bestalde, orotara, 1.759 erabiltzailek bisitatu dute hedabidearen Instagram profila, hots, joan den hilabetean baino % 27,8 gehiagok. Horrez gain, 97 kide sartu dira hedabidearen web-orrialde nagusira edukia bere osotasunean irakurtzeko, hau da, positiboki egin du gora joerak, hain zuzen, % 177,1 igo da, iragan hilarekin alderatuta. 

Facebook

Oraindik ere Facebook sare soziala da Aiurriren albisteak zabaltzeko tresna nagusiena. Datuek hala diote. Jada, 3.029 erabiltzailek eman diote “gustuko dut” Aiurriren profilari, eta 3.238k jarraitzen dute sare soziala. Datuak harrigarriak dira, zeren eta pandemia aurretik ia 400 jarraitzaile gutxiago baigenituen.

Jarraitzaileek tresna interesgarritzat dute Facebook; albiste guztiak bertan partekatzen ditugu eta, horrez gain, hedabidearekin hartu-emana sustatzeko baliagarria izan daiteke.

Azken 28 egunetako datuei erreparatuz gero, gorunzko joeran jarraitzen dute. Esaterako, Aiurriren orrira pasa den hilean biano % 8 herritar gehiago sartu dira, guztira 1.009 pertsona. 

Datuak oso esanguratsuak dira, izan ere, argitalpenekin egindako interakzioa handitzen doa egunez egun. Jada, erdaldunek ere Aiurri euskarazko hedabidea kontsumitzen aritu dira; hizkuntzaz haratago ohartu baitira tokian tokiko informazio fidagarria eta interesgarria zabalten duela Aiurrik. Euskarazko eta erdarazko iruzkinak jaso ohi ditugu Facebookeko jarioan. 

Twitter

Twitterrek eduki du igoera handiena. Pandemia garaitik hona, sare sozial honen bat-batekotasuna erakargarri bilakatu da eta persona askok unean-uneko albisteez informatzeko erabiltzen dute. Ez hori bakarrik. #BertsoVid19 ekimenarekin, 200 jarraitzailetik gora lortu zituen Aiurrik; gainera, bertso ekimenaren traola euskal tendentzia bilakatu zen. Emaitza izugarriak lortu ditu Aiurrik. Euskal komunitate nagusiena Twitterren kokatua dago.

Datuei dagokionez, hilabete batean 180.000 ikuste lortu dira Twitterreko albiste jarioan. Pandemia garaian, bertso ekimena martxan zegoenean, milioi bat ikusteetara ere ailegatu zen. Tokiko hedabide batentzat, datu benetan esanguratsuak dira. Horrez gain, Aiurriko profilera sartu direnen kopurua handitzen doa, hilabete honetan esaterako, ia %30 egin du gora.

Telegram

Sare sozial edo komunikaziorako tresna berritzailea izan da Telegram. Mezuak bidaltzeko APPa izateaz gain, albisteak eta edukiak jasotzeko ere balio dezake. Beraz, Aiurrik Aiztondoko, Urnietako eta Andoaingo kanal berezituak sortu zituen pandemia garaian. Hasiera geldoa eduki zuen, eta hainbat hilabetez soilik 50 jarraitzaileetara ailegatu zen. Hala ere, azken bi hilabetetan, jarraitzaile ugari eskuratu ditugu. Andoaingo kanalak 115 jarraitzaile ditu, Aiztondok 26 eta Urnietak 25. Geroz eta gehiago dira Aiurriko edukietara iristeko hautua hartu dutenak. Eta joera hori gorunzkoa da.

Egunean behin

Jende gutxiri egingo zaio ezezaguna jokoa: egunero-egunero 10 galderari erantzun behar die parte-hartzaileak, geografiatik hasi eta matematikaraino. Zenbat eta azkarrago egin, zenbat eta gehiago asmatu, orduan eta puntuazio hobearekin iristen da erabiltzailea aste bukaerara. Hala, Aiurrik ere bere taldea sortu zuen joko honetan, euskal herritar askoren leiharen biltzaile izateko. Dagoeneko
580 kide ditu eskualdeko eta inguruko jendeari zuzenduta sortutako 'Aiurri' izeneko taldeak. Gainera, kide kopuruak nabarmenki egin du gora Aiurriren taldeko lehian tokian tokiko produktu sortak zozkatzen hasi bezain laster.

Aste honetan, esaterako, Mizpiradi sagardo-kaxa zozkatu da. Eta hurrengo asteko irabazleak Zabala sagardotegiko kaxa jasoko du.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!