Oholtzak batu ditu erromeriako hainbat kantu hilezkorren ahotsak

Alba Cabrera 2021ko ots. 28a, 07:56

Amaia Oreja eta Kristina Solano

Amaia Oreja eta Kristina Solano Amak taldeko kideetako bi dira. Iazko ezustekoa izan zen, musikaren alorrean. Hilabete honetan zuzenekoei berrekingo diote.

AMAK: Alaitz Telletxea, Maixa Lizarribar, Amaia Oreja eta Kristina Solano. Hurrenkera horretan. Oholtzak batu ditu erromeriako hainbat kantu hilezkorren ahotsak. Trikitiaren munduan aurkezpenik behar ez duen laukotea da.

Biak ala biak orain urte dexente igo zineten lehenengoz oholtza gainera.

Amaia Oreja: Guk 20 bat urte izango genituen elkarrekin hasi ginenean. Gure oholtzakideek ez zuten jarraitu nahi, eta elkar topatu eta batera hasi ginen taula gainean.

Kristina Solano: Eta urte dexente eman genituen; oso oroitzapen politak ditugu. Gozatzeko asmoz aritzen ginen.

A: Ez dizut esango parranda egitearen pare zenik, baina kontzertu ostean juergan bukatzen genuela bai. Herrian bertan gelditzen ginen jai giroan, oso ondo pasatzen genuen eta jarraipena ematen genion horri.

Egun, oraindik ere maiz entzuten dira jai giroan erromeriako kantuak; horietako zenbait, zuenak. Erreferente sentitzen al zarete?

A: Sentitu ez dakit sentitzen garen, baina, atzera begira jarriz gero, beharbada, halaxe izango da. Finean, guk egin duguna ez dugu behartuta egin, gustatzen zaigulako baizik. Eta erreferente izatearenari dagokionez, bada, izan liteke baietz, baina ez guk zerbaitengatik borrokatu dugulako. Maiz, oso polita gelditzen da hori esatea, baina guk, gutxi gorabehera, nahi duguna egin dugu. Iraganean erromeria munduan emakume erreferente gutxi zeudela? Bai, baina guk zortea izan dugu nahi duguna egiteko. 

Oro har, nork bere bidea egin du, nahiz eta bazuetan batera aritu. Orain, nola konpontzen zarete oholtza gainean? Elkar ulertzen al zarete?

K: Jakina. Oso garbi daukagu zertara goazen: gozatzera. Hori abipuntu gisa hartuta, oso ondo moldatzen garelakoan nago.

A: Azken finean, kasualitate hutsa izan da. Oñatiko jaialdi bat medio elkartu ginen. Lauak bere horretan ez ginen sekula aritu batera; behin, Maixa eta Alaitz bikote gisa aritu ziren, baita gu geu ere. Baina OÒatin lauoi hitzartu ziguten batera hiru abesti kantatzeko asmoz. Kontua da emanaldi hori bera ikusi zuten batzuek beste jaialdi baterako hots egin zigutela. Azken jaialdi horretan ordu erdiz aritu ginen. Bidea bakarrik egin da. Guk oso garbi genuen hartz txiki hori bagenuela,  eta oholtzaratu ginenean ikusi genuen gustora sentitzen ginela. Filosofia oso politetik erreparatzen diogu proiektuari.

K: Egia da ez genuela espero proiektua hainbeste zabaltzea. Zenbait jaialditan parte hartzetik, kontzertuak egiteko proposamenak jasotzera igaro gara.

Hala ere, ba al zenuten AMAK proiektuari ekin aurretik oholtzara igotzeko gogorik?

K: Nik bai. Beno, anaiarekin hainbat gauza egiten hasita nengoen jada. Egia da niri asko erakartzen didala oholtza gaineko horrek, betidanik. Hala ere, esan bezala, anaiarekin batera egindako proiektuarekin ari nintzen arantza apur bat kentzen. Dena den, aukera etorri denez, hartu egin dut. Egia da: kontzertu bat ikustera noanean asko erakartzen nau oholtzak. 

A: Ez nuen buruan. Hala ere, begi onez hartu dut aukera. Oso gustuko dugu eta gozatu egiten dugu. Denbora luzez jo gabe egon ondoren berriro ere hasi? Zergatik ez?

Pentsatzen dut ez zaretela arituko gaztetan zenuten martxarekin. Zer aldatu da denbora honetan guztian?

K: Heldutasunak, nire ustez, lasaitasuna eman digu.

A: Beste era batean ikusten dira gauzak. Nire aburuz, patxadatsu gaude.

K: Hori da. Ni lasaiago sentitzen naiz. Beharbada da lehenagotik ere oholtza gainean ibiliak garelako eta badakigulako zer den sentitzen dena. 

A: Egia da lehen erritmo biziagoa izan behar genuela, erromeriak zirelako: ordu luzez aritzen ginen eta egiten zizkiguten proposamen guztiei baietz esaten genien.

K: Orain badakigu ezetz esaten.

A: Hori da. Agenda estu dagoela ikusten badugu, denbora tarte bat ematen diogu geure buruari. Gozatzeko gaude eta ez erreta amaitzeko. Eta bukatzen denean bukatuko da proiektua. Ez dugu helburu zehatzik. Gauzak horrela, gozatzen jarraituko dugu bien bitartean.

AMAK taldearen ikuskizuna.  ©Josetxo Perez

 

Publikoari dagokionez? Aldatu al da denboraren poderioz?

K: Nik ez dut sentitu; hots, egun, gure emanaldietan haurrak, gazteak zein helduak egoten dira. Adin tarte ororentzat zuzendutako ikuskizuna da. 

A: Niretzat ezberdina da lehen erromeria egiten genuelako, alegia, dantza egiteko zelako. Orain, ostera, ikuskizuna da, eserita ikusteko emanaldia. 

Trikitia jada ez da euskal kolfklore tradizionaleko instrumentua soilik. Beste hainbat generotan ere ikusi dugu azken urteetan. Aukera horri zukua atera al diozue? Edo nahiago duzue betikoari eutsi?

K: Nahasketa horri eutsi diogu. Hala, nire ustez,  gaztetan gehiago egiten genuen tradizionaletik, biok batera aritzen ginenean erromerian.

A: Hori da. Egia da prestatu dugun ordubeteko emanaldian badugula fandango bat lehengo era zaharrean, tradizionalari keinua egiteko asmoz. 

K: Gainera, garrantzitsua da, nire ustez, tradizioa mantentzea, izan ere, hortik gatoz, ezta? Egia da jotzerakoan tradiziotik apur bat atera eta eroso sentitzen naizela. Tradizioari eustea bai, baina hortik harago apur bat zabaltzea garrantzitsua da, nire ustez, beste ikuslego batengana hurreratzeko.

Ohituraz, oso erromeriazalea izan da Euskal Herria. Joera horri eusten zaio gaur egun ere?

K: Urnietan eta Amasa-Villabonan aritzen naiz klaseak ematen, eta bada jendea. Klaseak ematen hasi naizenetik, behintzat, ez dut beherakada nabaritu. Jendea berdin-berdin etortzen da ikastera. Gure erromeria garaietan eman zen beherakada apur bat. Horregatik utzi genuen, hein batean, geuk ere, ez? Plazak ez ziren betetzen, jendea ez zen bertaratzen. Halaber, nire iritziz, ikasleei dagokionez, mantendu da eta goranzko joera du. Lehen gitarrak zuen lekua hartu du orain musika-eskolan trikitiak; gehienetan dago instrumentu hori jotzen ikasteko aukera. Horrez gain, ni hernaniarra naiz eta sagardotegi garaian gazte asko ikusten da poteoan soinua eta panderoarekin, adibidez. 

A: Egun, besteak beste, Xabi Solanok edo Huntzak indar handia dute. Gaztetxoei ere gustatzen zaie.  

K: Tradizioan soilik gelditu izan bagina, beharbada, adin horretako jendearengana ez ginateke iritsiko.

Hala ere, bada betiko erromeriazalerik.

A: Bai, noski; lurraldeka esango nuke. Esaterako Azpeitian, Azkoitian eta inguru horietan oso gustuko dute tradizionala. Egongo dira beste hainbat leku. Baina, bai, oro har, bai mantentzen da.  

Pandemiak bete-betean harrapatu du AMAK taldearen jarduna, ezta?

K: Egia esan guk ez dugu kasik nabaritu; finean, gu ez gara hortaz bizi. Alabaina, oholtza atzean lanean daudenak bai; jende mordoxka dabil estu eta larri.

A: Hori da. Gurea, gainera, ikuskizuna da, eta pandemia aurretik erabakita genuen gure publikoa eserita egongo zela. Badirudi bagenekiela zer zetorkigun gainera. Horiek horrela, iragan urteko urrian amaitu genituen emanaldiak, hala nahi genuelako; eta, orain, martxoaren 8a dela-eta hiru emanaldi egingo ditugu. Baina, ostera, maiatzera bitarte ez dugu hitzordurik lotuko. Gainera, disko bat prestatzen ari gara.

Gelditu al zaizue bertan behera hitzorduren bat?

K: Bai, batzuk gelditu zaizkigu bertan behera. Pena ematen zigun, baina ez genuen begi txarrez ikusten. Bagenekien zein zen egoera.  

A: Gainera, gehienek esaten ziguten une horretan egin ezin arren, beranduago, eta egoera lasaiago egonda, aukera izango genuela ikuskizuna taularatzeko. 

Ahotsak berebiziko garrantzia dauka emanaldian.

K: Bai, zeren, finean, lauok gozatzen baitugu abesten. Eta ikuskizunak ere behar zuen: ez genuen pandero eta soinu hutsean aritu nahi. Zerbait gehiago eman nahi genuen. PeÒaparda ere jotzen dugu. Dena den, berebiziko garrantzia du ahotsak emanaldian. 

Oso berezia da ahots hutsean kantatzen duzuen pieza.

A: Bai, azken kantua. Publikoak sorpresa handiz hartzen du hori, alegia, ez dute espero gu ahots hutsean aritzea. Puntu berezia ematen dio emanaldiari, alaitasuna; ez dut esango zoroarena egiten dugunik, baina, bai, jostagarria delakoan nago. Jendearen arreta pizten du, seriotasuna galtzen dugulako, nolabait esanda. Finean, gure helburua ondo pasatzea da, ondo pasatzea eta pasaraztea. Hori bai, horrek ez du esan nahi oholtza gainean desegoki aritzen garenik. Batak ez du bestea kentzen.

K: Gu, azken finean, trikitilariak gara. Baina gustatzen zaigu; neurria hartuta diogu, gainera.

Zeri ematen diozue garrantzia oholtza gainean zaudetenean?

K: Ondo egin nahi dugu, baina kalitatezko emanaldia egitea ez ezik, hortaz gozatzea ere dugu helburu, eta ez gara irrigarri gelditzearen beldur. Alegia, beharbada, 20 urterekin esango bazenit ahots hutsean kantatzeko ez nintzateke animatuko. Adinak ere hori ematen dizu.

A: Villabonan izandako emanaldian, esaterako, azken kantua abesten ari ginen, ahots hutsean. Hala, gutako batek mikrofonotik zerbait esan eta barrez lehertu zen publikoa. Guk gozatu egiten dugu; aitzitik, ez genuke egingo: hainbeste urteren ostean, orain, ez ginateke oholtza gainera sufritzeko igoko. 

Diskoa prestatzen ari zarete orain.

A: Ez diogu oraindik kantuak grabatzeari ekin. Osatzen ari gara. Hutsetik sortutako piezak dira, bat izan ezik. Baina hori ere gurea da, orain arteko emanaldietan abestu izan duguna. Diskoa ere nahi gabe etorri da.

K: Musikari dagokionez, kolaborazioak izango ditugu, baina, gaur gaurkoz, ezin dugu ezer gehiago esan. 

A: Orain arte erabilitako instrumentuak apainduta joango dira, aski ezberdina baita zuzeneko batean egotea edo diskoa entzutea. Emanaldietan, beharbada, gordinagoak gara, zeren ikuskizuna ikuskizuna baita. 

K: Hala ere, gordintasun hori oso ondo dago. Baina diskoan estetikoagoa izango da gure musika.

A: Argitalpen-data ezarrita dago, apirila bukaera aldera  gutxi gorabehera. Aurretik kolaborazioak egin izan ditugu; alabaina, geure geurea den lanarekin sartuko gara aurki estudiora, denbora luzea igaro ostean.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!