ELAk, LABek eta Steilas sindikatuek egina da deialdia eta gaur bigarren greba eguna dute Haurreskolak partzuergoko langileek. Urtarrilean hasitako mobilizazioen bigarren zatia da oraingoa; urtarrilaren 25ean eta 27an egin zituzten aurreko bi greba egunak eta oraingo honetan hiru egunez jarraian egingo dituzte; otsailaren 22an, 23an eta 24an.
Txanda honetan, Amasa-Villabonako Seaska haurreskolako hezitzaileek grebarekin bat egin dute, baina gutxieneko zerbitzu minimoak ematera behartuta daude. Asteasu eta Larraulgo haurreskolan berriz, normaltasunez ari dira lanean.
Sindikatuen eskaeren artean honako hauek daude eta gogora ekarri nahi izan dituzte: Haurreskolak partzuergoa doakoa izatea eta Hezkuntza Sailean integratzea, lan hitzarmen berrien negoziazioa, dauden akordioak betetzea eta errespetatzea, langileak egonkortzea eta aurrekontuak handitzea, hain zuzen ere.
Esker ona adierazi nahi diete mobilizazio dinamikarekin eta aldarrikapenarekin bat egin duten familia, udalei eta hezitzaileei. Denon artean lortuko dugula azpimarratu nahi izan dute.