“Auzolana da gure ikurra; aurrekoek guri eman zigutena datozenei bueltatzen saiatzen gara”

Andoni Urbistondo 2021ko mar. 11a, 07:56

Tropela Zizurkildik barrena, Karlisen argazki ikusgarrian. Aurtengoan lasterketa Zizurkilen amaituko da, baina oraingoan Pasus aldean.

Xabier Usabiaga Aiztondo klasikako antolatzaile taldeko kidea. Datorren martxoaren 14an jokatuko da Aiztondo Klasikaren 17. ekitaldia. Asteasun hasi, eta Zizurkilgo Pasusen bukatu amaituko da. Ibilbidea ikusgai dago Aiztondoklasika.eus webgunean

Iazko proba bertan behera geratu zen, pandemiaren ondorioz, baina aurten ez du kale egingo. Afizionatuen tropelak bailarako errepide eta bazterrak koloretuko ditu berriro. Dozena erdi lagun aritzen da antolakuntzan, musu truk, eta proba egunean 150-170 lagun mobilizatuko dituzte. Usabiagak esana: “Proba ezagun honek duen onena auzolana da, eta horrek irauten duen bitartean, Aiztondo Klasikak bizitza luzea izango du”. Txirrindulari profesional izandakoa, egun euskarazko komunikatzaile ezagunenetakoa, urteko lehen hiru hilabeteetan gazte garaietara egiten du jauzi, Euskal Herriko afizionatu mailako egutegiko proba ezagunenetakoa antolatzen laguntzeko. 

Aurten bai, aurten jokatuko da Aiztondo klasika. Iazkoa azken unean bertan behera geratu behar izatea kolpe gogorra izango zen, noski.

Handia, bai. Halako probak antolatzerakoan lanik zailena prestaketa da, karrera eguneko urduritasuna, zerbait gaizki aterako ote den, eroriko larriren bat edo, baina bestelakoan lan taldeak disfrutatzeko eguna izaten da lasterketa eguna, giroa ederra izaten baita. Covid-agatik dena gelditu zen iaz. Alarma gorria jarri zuen indarrean Jaurlaritzak lasterketa egunaren bezperan. Talde asko iristear zeuden, denek atzera egin behar izan zuten, eta proba aurretik bizpahiru hilabetetan egindako lan guztia haizeak eraman zuen. Gastuak eginda, beste data bat eman ziguten, baina osasun egoeran ez zen hobekuntzarik eman, eta behin-betiko bertan behera geratu zen iazko proba. 

Aurten, bueltan berriro. Nolakoa izan da itzulera?

Beno, bailarako udalekin hitz egin genuen aurren-aurrena, ea 2021erako proba antolatzeko ahaleginak merezi zuen, eta baiezkoa adostu zen. Federazioak ere halako egoerei aurre egiteko bitarteko gehiago lortu ditu, protokolo osatuagoa dauka orain. Epaileekin parte hartzaileen arteko kontaktuak gutxitzeko neurri bereziak adostu dira, izan zuzendarien bilera, inskripzioak eta beste, atariko bete behar horiek aldez aurretik egitea lortu dugulako, telematikoki edo posta bidez, eta kide guztiei txosten bat helaraziz xehetasun guztiekin. Lizentzia baieztapena ere korreoz eta telefonoz egin da, aurrez aurrekoak saiheste aldera. 

Aktore askok parte hartzen dute proban: udal asko, txirrindulari elkarteak… Adostasuna lortzea erraza gertatzen al zaizue?

Ez da erraza udalerri denak ados jartzea, ematen duten dirua ezberdina baita biztanleen arabera. Lau elkarteko kideak batzartzen gara, eta hor ere adostasuna derrigorrezkoa da. Zer esan babesleek ematen diguten ezinbesteko laguntzari buruz. 150-170 lagun inguru mobilizatzen ditugu bidegurutzeetan lasterketa egunean. Gurean ezaugarriren bat nabarmendu beharko banu, elkartasun handia litzateke, handiak txikiari laguntzeko duen jarrera. Lana txukun egiten duen bailara garela esango nuke. Iritsiko da uneren bat, akaso, non ezingo den klasika antolatu, baina bien bitartean segi egingo dugu.

Nortzuk zarete antolatzaileak?

Antolakuntzan bospasei lagun gaude, elkarte bakoitzeko ordezkari bate edo bi. Adunatik bi, Villabona eta Zizurkiletik bana, eta Asteasutik beste bi, klasika antolatzeko ideia pixka bat gurea, asteasuarrona izan zelako. Ardura gehiena guk dugu, gure ekimenez egin zelako proba, baina beste herrien erantzuna ere ona da.

Zein da, zehazki, zure lana, lasterketa egunean?

Koordinazioa, batez ere. Ramon Aierza da presidentea, eta nik epaileak, antolakuntzako 15 motorzaleak kontrolatu eta antzeko lanak egiten ditut. Azpiegituraren koordinazioa. Goiz-goizetik medikuekin egon, taldeei txostena eman, ordutegiak lotu, lasterketan aurretik osteratxoa egin  bidegurutzeak kontrolatzeko... Patxi Otegi eta Aiertzarekin kotxean joaten naiz, eta bost emisora kudeatzen ditugu: motorista, epaileak, karrera, epaileak… Horien eskaerak bete, eta laguntza behar duenari, ba ematen saiatu: istripuren bat gertatzen bada, adibidez. Kirol ikuspegiak ez nau arduratzen, ezin baitut gehiegi zaindu. Dena ondo ateratzearekin konforme izaten naiz. Klasika sarri-sarri leku askotatik ikusten den proba da, eta poza ematen du jendea errepide bazterrean ikustea autoan zoazenean. 

Ze zenbakitan zabiltzate?

Esan dut 150-170 lagun ibiltzen direla bidegurutzeetan. Kopuru ikaragarria da hori. Aurrekontuari dagokionez, 25.000-30.000 bat euroko gastua izango da, gutxi gorabehera. Antolatzaileak musu truk aritzen gara, noski, baina tamainako probak antolatzen dituzten beste elkarte eta kide guztiak bezalaxe. Bestelakoan ez litzateke posible izango.  

Eta zergatik murgildu zarete antolakuntza lan nekoso horretan?

Gu txirrindularientzat aritzen gara. Ziklista izan garenok badugu erantzukizuna, bere garaian jaso genuena beste batzuei bueltan emateko. Eman ziguten guzia eskertzeko modu bat da, eta boluntario lanari jarraipena eman. Oso herri txikiak gara, eta elkarlanean aritu behar dugu gure artean, bakarrik ezingo baikenuke emaitzarik lortu. Herriak, elkarteak inplikatu ditugu, eta gustura gaude. Aiztondo bailara Villabona, Asteasu, Alkiza, Larraul, Aduna eta Zizurkil herriek osatzen dute, eta herri denek protagonismoa izaten dute lasterketan. Aurten Asteasun hasiko da, eta Zizurkilgo Pasus auzoan bukatu. Urtero proba hasiera eta bukaera aldatzen dira, denek protagonismoa izan dezaten. Herri txikientzat funtsezkoa da, halako poz, kolore pixka bat ematea. Gure bailaran auzolana ohikoa izan da betidanik, baserritarren artean. Filosofia horri tiraka lortu dugu maila handiko lasterketa antolatzea, Eibar edota Legazpiko proba entzutetsuen mailan.

Zerk ematen dizu, antolakuntza lanean, poztasunik handiena?

Kiroletik gazte formaziora gure aletxoa jartzen dugula. Omar Fraile bigarren sailkatu zen gure klasikan, eta gero begira ze bide distiratsua egin duen profesional mailan. Eta Fraile aipatu dudan moduan Gomez Marchante, Edu Prades, Ibai Salas, Surera, Mikel Nieve eta beste aipatu nitzake. Guk bide horretan gure aletxo garrantzitsua jarri genuela sentitzen dugu. Eta guk diodanean, ez naiz antolatzaile taldeaz bakarrik ari: udalez ari naiz, babesleez, proba egunean laguntza ematen duten boluntario guztiak… Azken finean, bailara osoa inplikatzen da egun horretan probarekin, eta horrek ematen digu poza, jarraitzeko indarra.

Txirrindularitza gertutik ezagutzen duzu, Xabier. Gainbehera garaian gaude, afizionatu mailan, profesionaletan, antolatzaile taldeetan… Egoerak ba al du bueltarik?

Afizionatuen garairik onenak bizi izan ditut. Gainbehera hasi, hasi zen, eta ez da gelditu. Esparru guztietan, gainera: antolakuntzan, talde kopuruan, txirrindulariak, lasterketak, federazioak… Gizartea ez da konturatzen askotan, beste arazo larriagoen aurrean, baina jendea falta da auzolanean jarduteko. Ea laster halako mugarri edo inflexio puntu bat etortzen den, baina nik ezagutu nituen afizionatu garai oparo haietara bueltatzea zaila izango da. Nire partez, eskerrak eman nahi nizkieke antolaketan parte hartzen duten denei. 

Webgunea ere martxan jarri duzue.

Bai, Aiztondoklasika.eus da helbidea, eta pixkanaka osatzen goaz, xumeak gara. Web gunean ibilbidea, parte hartzaileak, babeslek, historia apur bat, argazkiak eta beste agertzen dira, beste pausotxo bat gure bidea sendotzeko.

 

Elkarrizketa osorik, Aiurri hamaboskariaren 576. zenbakian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!