M8 - 2021

Martxoaren 8a gizartearen akuilu, hirugarren urtez

Alba Cabrera Jauregi 2021ko mar. 7a, 08:53

Lurgatz talde feministako kideak, ezker-eskuin: Pauli Olano, Susana Carretero eta Amagoia Eskudero.

Orain hiru udaberri ekin zion Lurgatz talde feministak bere jardunari. Harrezgero, morez margotu ditu Amasa-Villabonako kaleak, baita Aiztondoko bailara ere

Iragan mendeko 50. hamarkadara egin beharra dago salto eta Ameriketako Estatu Batuetan kokatu, hain zuzen, 1954. urtean, ideia komunistak zituzten amerikar guztien kontra antolatu zen kanpaina betean, sorgin-ehizan. Izan ere, “The Salt of the Earth” filma sortu zen urte horretan bertan: meatze bateko istiluak oinarri, besteak beste, emakumeek errebolta horretan izandako rola du hizpide kontaketak. 

Bada, hari horri tiraka ipini zioten izena, orain hiru urte, Aiztondo bailarako talde feministari, Lurgatz taldeari. Pauli Olano da sortzaileetako bat: “Horixe gara emakumeak, gatza. Izan ere, Lurrak gatzaren beharra du, zeren hori izan ezean, emari urria izango du, nahiz eta ur ugari eduki”.  

Gauzak horrela, 2018. urtean, martxoaren 8ak izandako bulkadaren inertziaz bildu ziren Amasa-Villabonako hainbat emakume. Beranduago, hainbat asanbladaren ostean eta maiatzean egindako jardunaldi feministak medio, taldea sortu zuten. Sorreratik urtebetera ekin zioten eskualdean jarduteari: “Finean, ez dago Amasa-Villabonan dugun taldea bezalakorik inguruan”, dio Amagoia Eskudero Lurgatzeko kideak, “baina mugitzeko prest dagoen jendea dago. Beraz, zer hoberik Aiztondoko mugimendu feminista aktibatzea baino?”.

Eskualdean zegoen hutsune bati erantzuten dio, hortaz, Lurgatz taldeak, Susana Carretero taldeko eragilearen esanetan, aurretik ez baitzegoen talde feministarik: “Alabaina, duela hiru urte ikusi zen bagenuela nahikoa indar, eta, hurrengo urtean, elkar saretzen hasi ginen”. Taldea zenbat kidek osatzen duten jakitea zaila bazaio ere, denboraren poderioz, kopuruak beheranzko joera hartu duenaren iritzi da Eskudero: “Hasiera batean, gazteak izan ziren aktiboki aritu zirenak. Baina jada ez daude gurean. Astero biltzeko ohitura eta konpromisoa dugu”. Koronabirusak taldean eragina duela uste du Olanok; hala ere, eragile txikia izatearen alde ona nabarmendu du: “Askatasuna ematen dizu, bizi aritzeko eta dinamikoa izateko. Lehenago jartzen gara ados eta azkarrago antolatzen gara”.  

Feminismoa, antidoto

Hautsak harrotu ditu koronabirusak eragindako pandemiak. Hala ere, bolo-bolo dagoen larrialdia baino are zaharragoa den mundu mailako arazoaz mintzo dira Lurgatzeko kideak: indarkeria matxistaz, hain zuzen ere. Hori dela eta, itxialditik aurrera, bilerak egiten jarraitu dute, eta aktibo mantentzen ahalegindu dira. Izan ere, osasun-larrialdiak lurpeko ustelak elikatu ditu eta horrek zehar-kalteak eragin ditu hainbat esparrutan, baita feminismoan ere. 

“Behin betaurreko moreak ipinita”, aitor tu du Carreterok, “graduatu egiten dira denboraren poderioz; geroz eta gehiago”. Hala, bi aukera mahaigaineratu ditu Lurgatzeko kideak:  edo betaurrekoak jantzita aurrera jarraitu eta zaplastekoak jaso, edo betaurrekoak kendu eta feminismoa egunerokotasunetik aldendu. Horregatik, feminismoa antidoto bakarra dela uste du; harekin bat dator Eskudero ere: “Koronabirusaz mintzo gara, baina hortik haratago doa bizi dugun egoera, eta feminismoak guzti horrengan ere eragina dauka. Horri eusten saiatu gara batzuk”. Eta horrexek ematen dio Olanori militatzen jarraitzeko gogoa: “Behin elkartuta, zerbait berezia sortzen da eta horrek ematen dizu bultzada, antolatzen jarraitzeko indarra”. 

Bestalde, oso erosoa zaio Carreterori Lurgatz gisako talde bat egotea Amasa-Villabonan: “Beharra sentitzen nuen egiten nuena baino gehiago egiteko. Baina feminismo hitza astuna egiten zitzaidan nik bakarrik eramateko; horrenbestez, Lurgatz taldean oso babestuta sentitzen naiz”. 

Zenbaitetan, talde feministari akuilu-lanak egitea egokitu zaionaren iritzi da Eskudero, jendeak feminismoaz hausnar dezan. Horrenbestez, Lurgatz taldea eraldaketarako espazio dela dio kideak: “Mundua aldatu behar da, justizia feminista egin. Eta horretarako guztirako espazioa behar dugu". Bada, ederra espazioa Lurgatz taldea.

Albistea osorik, Aiurri hamaboskariaren 578. zenbakian

-----------------------------------------------------------------------------------------------------

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!