Herritarron osasunaren gainetik, Gobernuetatik kapitala lehenetsi da berriz ere. Mugak eta kaleak militarizatuta ikusten ari gara, abusu polizial eta instituzional arrazistak jasan ditugu, ehunka kide kaleratuak izan dira edo kaleratze arriskuan daude, milaka emakumek lan merkatua utzi behar izan dute zaintza lanengatik, agerian geratu da Euskal Herrian bertan erabakiak hartzeko ahalmen eza, espazio okupatuak desalojatu dituzte, indarkeria matxistak ez du etenik izan eta krisialdiak eragin zuzena izan du eremu feminizatuetan, bereziki egoera irregularrean dauden emakume langileen eremuan.
Aurten inoiz baino gehiago, sistemari arrakalak sortzeko konpromisoa adierazteko asmoz antolatu dugu martxoaren 8a. Osasun prebentziorako neurriek zein mugikortasun mugek ohikoak ditugun mobilizazio erak zailtzen dizkigute, baina kaleak salaketarako espazio izateko modua bilatuko dugu.
"Dena aldatu, sistema arrakalatu" diogu. Krisi hau ez zen pandemiarekin hasi, eta Euskal Herriko Mugimendu Feministan orain ez gara isilik eta geldi egongo. Sistema kapitalista, heteropatriarkal, arrazista arrakalatzeko feminismoan antolatu eta kolektiboki borrokan jarraitu behar dugu. Hain zuzen ere, bizitzak sostengatzeko ardurak kolektibizatzeko eta botere harremanak errotik aldatzeko.
Egunetik egunera gaurkotzen eta indartzen goaz mugimendu feminista. Gure arteko arrazakeria bistaratu eta landuz, herri eta auzoetan aliantza sareak ehunduz, borrokarako espazioak zabalduz, mundu mailako ekintzetan parte hartuz... Euskal Herrian eta Euskal Herritik dena aldatzeko lan egingo dugu. Aurtengo martxoaren 8an ere, bazter guztietan mobilizatuko gara.
Donostian, arratsaldeko 18:30ean Antiguako tuneletik hasiko da manifestazioa. Hiriburuez gain ere, herrietan hamaika deialdi egingo dira.
Dagokigun arduraz jokatuta, datorren martxoaren 8an kaleak eta plazak hartzera animatzen ditugu emakumeak, trans eta bollerak. Euskal Herri feminista, antikapitalista eta antiarrazista eraikitzera goaz, gora borroka feminista!