Abian da Errigoraren udaberriko kanpaina

Aiurri 2021ko mar. 8a, 08:17

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen Errigora ekimenak martxan jarri du jada udaberriko kanpaina. "Nafar hegoaldeko uzta eskutik eskura" kanpainaren 2021eko edizioa martxoaren 4tik 24ra izango da. Kanpaina horretan, Nafarroa hegoaldeko oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak eska litezke.

Olioa bost litroko bidoietan banatzen da eta kontserbak hamabi ontziko sortetan, ideia urte osorako beste eskatzea da eta. Lau oliba-olio birjina estra mota daude aukeran, horietatik bi ekologikoak. Kontserbei dagokienez, zainzuriak, piperrak, orburuak, kardua, menestra, barazkiak, potxak, tomatea, barazki-kremak, txitxirioak eta arroza eska daitezke. Eskaera egiteko epea martxoaren 24ra arte egongo da zabalik, eta banaketa apirilean izango da.

Nafarroako uzta, euskarari emana

Errigora ekimenak Nafarroako hegoaldea du ardatz, eta euskara ofiziala ez den eremuan eragin nahi du, bertako elikagaiei Euskal Herrian zehar bidea emanaz, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Bi kanpaina nagusi egiten dituzte urtero: udaberrikoa eta udazkenekoa. Lehenengoan, bertako oliba-olio birjina estra eta kontserba-sortak Euskal Herri osoko etxeetara banatzen dituzte, bertako ekoizpen eta ekonomia sustatzeko asmoz. Hori da, hain zuzen, orain abian den kanpaina. Udazkenekoan, berriz, Nafarroako hegoaldeko produktuez osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dituzte, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua eginez (saski bakoitzaren balioaren %25).

Eskaerak Errigoraren webgunean egin litezke martxoaren 4tik 24ra, eta produktuak apirilaren 30ean (ostirala) jasoko dira Hernaniko Gudarien plazan, 12:00etatik 19:30era.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!